5.500 kilo elikagai batu dira Danonartin Elkartearen bilketan
Jasotakoagaz hiruzpalau hilabeterako aurreikuspenak beteta izango dituztela adierazi dute elkartetik.
Azaroaren 24an eta 25ean egin zuen Ondarroako Danonartin elkarteak urteroko elikagai bilketa herriko janari dendetan eta 5.500 kilo batu zituzten. Aurten gainera, behar handiagoa zegoela nabarmendu eta urteroko erantzuna izatea espero zuen elkarteak eta horrela izan da, iazko datuekin alderatuz, bikoiztu egin baita bilketako datua.
Jasotakoagaz hiruzpalau hilabeterako aurreikuspenak beteta izango dituztela adierazi dute elkartetik: “Kontuan izanda hilabetero gutxi gorabehera 150 laguni ematen zaiola laguntza, 3-4 hilabeterako beharrak asebete ditugu. Aurretiaz udalaren gizarte zerbitzuetatik igaro ondoren, eskatzaile bakoitzari hilean 6 bat litro esne, litro bete olio, gailetak, tomatea, lekaleak,dozena bat arrautza, arroza eta pasta eta 20€ inguruko zesta ematen dizkiogu, beraz, hiruzpalau hilabeterako aurreikuspenak beteta ditugu”.
Elkartearen helburua laguntza eta beharrizana daukaten herritarrei laguntza iristea izanik, horretarako baliabideak jarri dituztenei eskerrak eman dizkiete: “Eskerrik asko Ondarroako eta Berriatuako Udalei, gizarte zerbitzuetako langileei, Kalare Deuna Ondarroako Arrantzaleen Kofradiari, La Caixa fundazioari, Aurrera Kirol Elkarteari, Lazkano frutategiari, urte guztian janari bilketa egiten duzuen dendariei, boluntarioei eta herritar guztiei”.