Arku Gain Coworking gunea ireki du Mutrikuko Udalak
Gaur [abenduak 1] eguerdian inauguratu dute Mutrikuko Portuan dagoen Arku Gain eraikuntzaren bigarren solairuan jarritako coworking gunea.
Mutrikuko Udalak Garapen Sailaren bitartez ekintzailetza sustatzeko aurrera eramaten dituen ekimenen baitan sortu du Arku Gain Coworking Gunea. Herriko ekintzaileei lan eremu partekatu bat eskaintzeko helburua du ekimenak. “Lankidetza, sorkuntza, elkar ikaskuntza eta ekintzaileen arteko harremanak eta proiektu bateratuak bultzatzeko balioko du”.
Mutrikuko Institutuko zuzendaritza, Kaldala LHIIko zuzendaritza, Debegesako ekintzailetza saileko ordezkariak, Arku Gain elkarteko kideak, Arraun taldeko kideak eta Mutrikuko Udaleko ordezkariak egon dira ekimenean. “Arku Gain eraikuntzak eta Mutrikuk herri bezala duen itsas historia kontutan izanik, elkarlanerako gune honek ere itsasoarekin lotura izatea nahiko luke Udalak, hori dela eta, era horretako ekimenak bultzatzen saiatuko da”.
Herriko ekintzaileentzako gunea profil zehatz batzuei zuzenduta dago: enpresa berri bat sortzeko proiektua aurkezten duten ekintzaileei eta jada eratuta dauden enpresa proiektuei. Udalak ekintzaileen esku jarriko ditu bakoitzarentzako lantoki gunea, bilera gela, komuna eta itxaroteko gunea. “Gune honen erabiltzaileek Debegesaren bidez tutoretza zerbitzu bat jaso ahal izango dute eta euren enpresek helbide soziala Arku Gain Coworking gunean kokatu ahal izango dute”. Udalak eskainiko dituen zerbitzuak mantenu orokorrari lotutakoak izango dira; Interneta, erabilera komuneko guneen garbiketa zerbitzua, erabilera komuneko guneen mantendua, elektrizitatea, ura eta asegurua, tartean.
Gunea erabili ahal izateko hautaketa prozesua behin ordenantza Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratze epea igaro ondoren egingo da, horretarako oinarri arautzaileak argitaratuko direlarik. Ostean, ekintzaileek 15 eguneko epea izango dute euren proposamenak bidaltzeko. “2024ko urtarrila amaieran postu guztiak esleituta egongo direla aurreikusten dugu”.