Berriatuko plaza hartu dute herritarrek, eraso matxista salatzeko
Eskualdeko jendea batu zen Berriatuko elkarretaratzean. Mutrikun martitzenean [abenduak 5] egingo dute elkarretaratzea, 18:30ean, Goiko Plazan.
Berriatuko plaza hartu zuten atzo [abenduak 1] eskualdeko herritarrek pasaden zapatuan Berriatuan emandako eraso matxista salatzeko. Berriatuko Foro Feministak deituta, Mutrikuko Emakumeak Abian elkarteagaz batera babes osoa adierazi zioten erasotuari eta haren inguruari.
“Pasa den larunbatean Mutrikuar batek Berritxun jasandako eraso matxista salatu nahi dugu. Gizon batek bere nagusitasuna baliatuz sexu abusuak egin zizkion emakume bati larunbat gauean. Hori gutxi ez eta beldurra eraginez intimidatu nahi izan zuen emakumea. Zurrumurruak ekidin eta herri bezala halako egoeren aurrean 0 tolerantzia erakustearen garrantzia azpimarratu nahi dugu beste behin, fokua erasotzailearengan jarriz”.
Argi adierazi zuten zapatuko erasoa ez dela kasu isolatu bat, “baizik eta bizi garen kultura patriarkalaren ondorio zuzena”, eta indarkeria matxistak gizartean dauden botere harremanak mantzentzeko mekanismo bezala funtzionatzen duela. “Gizon horrek bere inpunitate eta pribilegiozko egoera erabili zuen emakumezkoa erasotu eta beldurtzeko”.
Elkarretaratzea. Indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzeko eskatu zieten instituzioei eta erasotzailearengana zuzendu ziren, egindakoak ez duela lekurik irmo salatuz: “Jakin ez Berritxun, ez Mutrikun ez zarela ongi etorria, eta erasotuari edo beste emakumezko bati beste behin min egiten badiozu, aurrean izango gaituzula. Hau ezin da errepikatu, ez Berritxun, ez Mutrikun, ez beste inon”. Mutrikun ere elkarretaratzea egingo dute, abenduaren 5ean, 18:30ean, Goiko plazan eta Mutrikuko Udalak ere bat egin du deialdiagaz.