Bertoko gastronomiaren baitan batu dira Amoroton
Gaur [abenduak 2] eguerdian batu dira eskualdeko herritarrak beti-betiko gastronomia oinarri izanik. Erantzun ederra izan du Amorotoko Kultur Elkartearen ekimenak.
Neguko bertako gastronomia dastatzeko aukera ezinhobea eduki dute gaur [abenduak 2] Amorotoko frontoira hurbildu direnek; beti-betiko gastronomia oinarri, ez da jakirik falta izan. Sabelak ondo betetzeko aukera izan dute guzti-guztiek; taloa txistorragaz, odolostea, salda, arroz esnea, intxaur saltsa, sagardoa… Abenduan, On egin! zioen leloak, eta horrela egin dute herritarrek.
Amorotoko Kultura Elkartearen ekimenez urte asko dira Amoroton abenduko lehenengo zapatuan azoka antolatu izan dutela eta aurten ezin zen gutxiago izan. Erantzun paregabea izan du ekimenak, eguerdia orduko frontoia gainezka baitzegoen. Ilara ikusgarriak sortu ditu taloaren postuak eta bada gozatzeko aukerarik gabe geratu denik ere, amaitu egin baitira. Ostera, 14:00etan, herriko baserri bateko txerria burduntzian erre eta pintxoak saltzeari ekin diote, zehazki, Euxebi txerriaren pintxoak egon dira salgai, eta jendea ez da falta izan ilara egiteko.
Musika ere protagonista bilakatu da Eingo eskolako trikitilari gazteak giroa alaitzeko ardura izan baitute. Gainera, txalaparta ere jo dute eta musikarien arteko erakustaldi ederra ere eskaini dute. Eguerdiko giroa mantentzeko asmoz, iluntzera arte Eingo taldeak erromeria eskainiko du.