Erakusleiho ederra izan da Aulesti
Bertoko produktu eta ekoizleen plaza izan da Aulestiko frontoia. Kultura batzordeak azokaren balorazio positiboa egin du.
Frontoi bete jende batu du gaur [abenduak 2] egindako Aulestiko II. Gabon Azokak. Aulestiko Udalak bertokoa kontsumitzea helburu izanik, eskualdeko ekoizle zein artisauei plaza bat eskaini nahi izan die, herritarrei kalitatezko produktuak eskura jarriz, eta erantzun ona eduki dute; asko izan dira hurbildu diren herritarrak eta “giro ederra” egon da.
Udaleko kultur batzordeak antolatutako ekimenak plaza eskaini du eta salmentarako aukera ona izan dela aipatu dute: “Azoka txiki bat izateko nahiko saldu da. Azoka aukera bat da bertoko produktuk saltzeko eta bertoko ekoizle zein artisauentzako erakusleiho bilakatzeko. Gainera, herritarrentzako kalitatezko produktuak eskuratzeko aukera ere bada”.
Aurten artisau eta ekoizleen postuez gain, herriko animaliak eroateko erabakia hartu zuten, eta bereziki aukera ona izan dela azpimarratu nahi izan dute. “Animalien txokoa asko gustatu da, herriko artzain-abere zainak egon dira euren ardi, untxi eta oiloekin”. Gainera elkarte eta talde desberdinek parte hartu dute, esaterako, ikas bidaiarako dirua lortzeko salda eta pintxoak saldu dituzte Aulestiko Eskolakoek, eta baita dena saldu ere.
Gainera, bihar [abenduak 3] Euskararen Eguna izanda, bat egiteko aprobetxatu dute eta Gaitu proiektuaren berri ematen ere aritu dira; hainbat izan dira mugikorrak atera eta erronkan parte hartu duten herritarrak. Txikienek, ostera, margolanak egin dituzte.