Euskaldun arrazalizatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko deia egin dute Ondarroan
UEMAk martxan jarritako ekimena ailegatu da Ondarroara. Zaldupe Eskolako kultur batzordea prozesuan barneratuta dago eta gurasoen arteko harremanak sustatzeko aldaketak egitea izan da lehenengo urratsa.
Egin nirekin ere euskaraz! kanpainak euskaldun arrazalizatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko deia egiten duen ekimena aurkeztu dute gaur [abenduak 4] Ondarroako Zaldupe eskolan. Urtza Alkorta Ondarroako alkatea, Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kidea, Josebe Azpiri Ondarroako Zaldupe eskolako zuzendaria eta kanpainan parte hartu duten Abdalah Thior, Lassana Thior eta Arlenys Cuevas ikasleek eman dute ekimenaren berri.
Euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek guztiak euskaldunak direla gogoratu nahi du kanpainak. Arlenys Cuevas 10 urteko ondarrutarra kanpainari aurpegia jarri dion ikasleetako batek bere bizipenak partekatu ditu: “Euskaraz ikasteko esan zidaten eta horri heldu nion, euskaraz ikasi nahi nuen. Niretzat euskaraz egitea garrantzitsua da, harremanak egin nahi nituelako. Euskaraz egiten zidateanean, ez nuen ulertzen, eta nire barruan ikasi egin nahi nuen, beldurra kendu eta lagunak egin ahal izateko, integratzeko”. Orain, bera ari da euskara irakasten beste batzuei.
Josebe Azpiri Ondarroako Zaldupe eskolako zuzendariak prozesua abiatzeko azterketa batekin hasi zirela azpimarratu du. “Eskolako testuingurua zein zen aztertu genuen, errealitate horretara egokitzeko, beharrak identifikatuz”. 26 herrialde ezberdinetako ikasleak zituztela identifikatuz egitasmoari heldu eta Kultur Batzordea martxan jarri zuten, gutxinaka sentsibilizazio kanpainan buru belarri sartzeko.
“Eskolako ateak ireki nahi ditugu, haurrak bai, baina guraso bakoitza bere inguruan mugitzen baita eta horrekin apurtu nahi dugu”.
Gurasoen arteko harremanak sustatzeko aldaketak egitea izan zen lehenengo urratsa, adibidez, tresna erabilgarriak baliatuz; Telegramen sortuz gurasoen taldeak horrela itzultzailea eskura izan eta euskara menderatzen ez duten gurasoen parte hartzea sustatzeko. Horrez gain, guraso bileretan ere aldaketak egin dituzte: “Orain euskara hutsean egiten dira guraso batzarrak eta zuzeneko itzultzaile bidez jarraitzen dituzte bilerak, denek batera, inguru bateratu batean. Gainera bilerak moztu egiten ditugu ekintzak egiteko, gelan bertan galderak egin eta beraien artean komunikatzeko aukerak sortuz, zubiak eraiki eta elkar ezagutzeko. Horrek aldaketa bat eragiten du”.
“Euskararenganako maitasuna erakutsi nahi diegu, beraiek baitira gure etorkizuna”.
Horrez gain, hamaika ekimen bultzatu dituzte harremanak eraikitzeko testuinguruak sortzea erdigunean jarrita: “Eskolako ateak ireki nahi ditugu, haurrak bai, baina guraso bakoitza bere inguruan mugitzen baita eta horrekin apurtu nahi dugu. Esaterako, doako mendi irteerak egiten ditugu asteburuetan jende ezberdinak parte hartzeko eta hilean behin txokolatadak antolatzen ditugu. Janaria dagoenean errazagoa izaten baita denok hurbiltzea, hitz egitea eta harremanak sortzea. Ondoren egunerokotasunean elkar ikusi eta topo egitean, harremanak sortuta egoteko”.
“Ez da eskolak antolatutako zebait, herri mailako parte hartzea behar duen prozesu eraldatzailea da”.
Euskaraz bizitzen jarraitzea eta euskaraz ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideen ulermena erraztea eta beraien parte hartzea sustatzea du helburu egitasmoak, eta horretarako, euskararen garrantzia transmititzearen beharra azpimarratu dute. “Gurasoek seme-alabei transmitutuko diote euskararen garrantzia, baina horretarako beraiek jakin egin behar dute zein den egoera, askotan ez dakite ezta nora etorri diren ere. Hortaz, guri dagokigu azaltzea, balioan jartzea eta parte izaten laguntzea. Euskararenganako maitasuna erakutsi nahi diegu, beraiek baitira gure etorkizuna”.
Ekimenak abiatu dituztenetik erantzun paregabea jaso dute gurasoen aldetik. “Entzunda sentitzen dira, parte direlako. Ez baita beraientzat egingo dugun zerbait, baizik eta zerbait denok batera egingo dugun zerbait dugu. Partaidetza sentimenduagaz beraiek ere euskaldun sentitu daitezen. Ez da eskolak antolatutako zebait, herri mailako parte hartzea behar duen prozesu eraldatzailea da”.