Euskararen Eguneko ospakizunak, etenik barik
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz, asteburuan ekintzaz bete dira eskualdeko herriak. Gaur [abenduak 4] da Ziortza-Bolibarko II. Bertso Paper Lehiaketan parte hartzeko azken eguna. Horrez gain, Berriatuan 'Teilatupean' antzezlana dago gaur, 14:30ean, eta domekan [abenduak 10] 'Tutum Platz' Jon Plazaolaren bakarrizketa.
Lea-Artibaiko herrietan euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuz, Euskararen Eguneko ekintzek ez dute etenik izan asteburu guztian, eta oraindik ere badago gozatzeko aukera.
Berriatuan, esaterako, gaur [abenduak 4], 14:30ean, Teilatupean antzerkia ikusi ahalko da, bideo gelan, eta domekan [abenduak 10] berriz, Tutum Platz Jon Plazaolaren bakarrizketa egongo da, Mendibarren frontoian. Horrez gain, gaur [abenduak 4] da Ziortza-Bolibarko II. Bertso Paper Lehiaketan parte hartzeko azken eguna.
Gaituk botatako erronka arrakastatsua izan da Lea-Artibaiko herrietan. Amoroton azaroaren 25ean egin zituzten grabazio saioak, eta asteburuan berriz, Aulestin, Etxebarrian, Markina-Xemeinen, Mutrikun eta Ondarroan egin dituzte. Markina-Xemeinen esaterako, 64 lagunek parte hartu zuten Gaituren erronkan.
Lekeition, esaterako, atzo [abenduak 3] 13:00etan elkartu ziren herritarrak giza katea egiteko asmoz. Ostean, “giro ederrean” eta “sekulako” parte hartzeagaz, Eman eskua, euskarak behar gaitu izenburupean manifestua irakurri eta betetzeko konpromisoa hartu zuten herriko hainbat eragile eta elkartek: Zaletxuak elkarteak, Txirrist Gazte Txarangak, txistulari, erraldoi eta buruhandiek, Kitto Elkarteak, Herri Eskolak eta Ikastolak, AEKk, Lekittoko Deabruek, Lekitto Musika Bandak, boleibol eta futbol taldeek, pentsionistek eta Lekittoko Gaztiak.
Besteak beste, euskaraz lehen hitza egiteko, herriko ekimenetan euskaraz aritzeko, elebitan egin behar dutenean euskara lehenesteko eta euskara ikasten dabiltzanei aktiboki laguntzeko konpromisoa hartu zuten.
Horrez gain, Azkue Ikastolak aurtengo Azkue Saria banatu zuen bariku [abenduak 1] eguerdian. Euskal Zine Bilerak jaso zuen saria, “euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik”. Lekeitio Udalak eskerrak eman nahi izan dizkio Azkue ikastolari ere, “euskararen alde lan egiten duten egitasmoak balioan jartzeagatik”.
Etxebarrian ere asteburua ekimenez bete-beteta eduki dute. Beste hainbat ekintzaren artean, barikuan Asier Aretxabaleta, Xabier Altzibar eta Jabier Kaltzakortarekin egindako liburuaren aurkezpenean 20 lagun inguru elkartu ziren.
Zaldupe eskolako Hondar Ahua guraso elkarteak euskararen aldeko danborrada antolatu du aurtengoan ere, eta euririk barik, jendetza elkartu zen herriko kaleetan. Giro ederrean egin zuten atzo Zaldupetik Itsasaurrerainoko ibilbidea ondarrutarrek. Danborradaren ostean, urteroko eskertza egin zuten, eta aurtengoan, Manuelistak izan dira omenduak. Markina-Xemeinen ere, beste hainbat ekintzen artean, Nekane Aginaga herriko lehenengo irakasleari egindako omenaldia izan zen hitzordu garrantzitsuetako bat.
Mendexan eta Ispasterren punta-puntako bertsolariekin pasa zuten goiza. Mendexan Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio izan ziren protagonistak, eta Ispasterren berriz, Onintza Enbeita eta Ianire Arrizabalaga. Ziortza-Bolibarren eta Aulestin ere kultur ekintza artean pasa zuten Euskararen Eguna. Ziortza-Bolibarren, esaterako, 60 lagun inguru elkartu ziren eskolako aretoan, Hobe Ixilik antzezlanagaz gozatzeko asmoz, eta Aulestin, berriz, udal liburutegia goraino bete zen Uuuuuhhhh ipuin kontaketagaz gozatzeko asmoz.
Eguraldia, oztopo. Mutrikun ezin izan zituzten barikuko ekintzak nahi bezala ospatu. Kalejira bertan behera utzi behar izan zuten, eguraldiaren iragarpenaren eraginez. Hala ere, kalejiraren osteko txokolate banaketa Goizeko Izarra Ikastolan eta Samielako ikastetxeetan egin zuten, eta argazki erakusketa atzo [abenduak 3] egin zuten.