Mutrikuko dikearen obrak gelditu egin dira
Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas gaietako zuzendaritzak geldialdiaren berri eman dio udalari. Azaroan Danborzaleak plataformatik obrak gelditu zirela esan zuten modu ez ofizialean.
Iraileko udalbatzan Berdeak Equo alderdiak Informazio eskaria dikeko obren geldialdiaren inguruan mozioa aurkeztu zuen, eta aho batez onartu zen. Udalak lau galdera luzatu zizkion Jaurlaritzari eta erantzuna jaso dute: obrak gelditu egin dira eta kontratua eten egin da.
Uda aurretik, arazo teknikoak zirela eta, obrak eten egin zirela adierazi zion Jaurlaritzak udalari, baina Joseba Palenzuela alkatearen esanetan ez zioten arazo tekniko horien berri eman. “Orain jakin dugu urte hasieran oinarri izan zen obra proiektu horretan kalkulu akats batzuk egon zirela eta horien ondorioz, batetik, oker egindako neurketak zirela, eta bestetik, proiektua erredaktatzean egindako akats teknikoak kontuan hartuta, obra esleitu zen diruan ezin zela gauzatu”.
Proiektua bertan behera geratu da, eszenario berri bat sortuz.
Hori dela eta, proiektua egokitu eta kalkulu berriak egin behar izan zituztela argudiatu dute jaurlaritzatik eta aurrekontua egokitzeko beharra zegoela. “Lizitazio prezio batekin ateratzen den edozein proiektutan, arazoak gertatzen badira, diru gehigarri hori lortzeko prozedura aurreikusten du legeak. Baina, kasu honetan, proiektuaren berrikusketak legeak baimentzen duen kopurua baino gehiago eskatzen zuen. Hortaz, kontratistak gehienez ematen zen diruarekin ezin zuen proiektua gauzatu eta kontratatzaileak, hau da, jaurlaritzak, ezin zuen diru gehiago jarri”.
Obra gelditu egin da, baina obra bukatzeko modua aztertu nahi dute.
Ondorioz behin behineko geldialdian zegoen kontratua amaitutzat eman dute. “Hasi zen proiektu hura bere horretan geratu da, eta orain kontua da, zer gertatzen da? Orain eszenario berri bat sortzen da” azaldu zuen Palenzuelak.
Gaur gaurkoz dikearen obra gelditu egin da, baina obra bukatzeko modua aztertu nahi dute. Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas gaietako zuzendaritzatik jasotako idatzian adierazten denez, hurrengo urratsa Mutrikuko portuaren barne azaldurari buruko azterketa egiteko eskaera egitea da. “Babes dikea sendotzeko irtenbide tekniko egokiena zein den zehazteko asmoarekin portuko egingarritasuna eta erabilpena bermatuz, konponbidea gauzatuko duen proiektua ahalik eta azkarren idatziko da eta obra kontratua lizitaziora aterako da”.