Nekane Aginaga omendu dute Euskararen Egunean
Atzo [abenduak 3] Artibai 30 helbidean egin zieten omenaldia. Bertan egon ziren Garbiñe Arrate Zerutxu Ikastolaren hasierako kidea eta Begoña Isasi Aginagaren hurrengo andereñoa ere. Euskararen Egunaren harira, udalak UEMAren adierazpen instituzionala onartu du aho batez.
Euskararen Eguneko ekintzaz bete da Markina-Xemein ere. Guztien artean bat berezia egon da ordea: Nekane Aginaga Gezuragari omenaldia egin zieten atzo [abenduak 3] eguerdian.
Artibai 30eko atarian batu ziren Markina-Xemeingo Udaleko ordezkariak, Euskara Batzordeko kideak eta nola ez, baita herritarrak ere, herriko lehenengo irakasleari eta ikastolaren sortzaileari omenaldia egiteko asmoz. Gainera, bertan egon ziren Garbiñe Arrate Zerutxu ikastolaren hasierako kidea eta Begoña Isasi Aginagaren hurrengo andereñoa ere. Aurreskua dantzatzeaz gain, Euskara Batzordearen ekimenez plaka bat ere bistaratu zuten, Aginagak betirako herritarren oroitzapenetan iraun dezan. Gainera, argazki erakusketa sorta bat ere ikusgai jarri zuten, Zerutxu Ikastolaren sorrera gogoratzeko asmoz.
Ostean, Arkupe aurrean eguneko bigarren ekitaldi garrantzitsua egin zuten. Ianire Krutxagaren eta Dana Moyaren musikagaz, AEKko ikasleek, irakasleek eta hainbat herritarrek irakurketa musikatua egin zuten. Jendetza erakarri zuen honek ere, eta ezusteko bat ere egon zen: “Hizlarien artean Joseba Sarrionandia ere egon zen. Hala ere, nabarmendu nahiko genuke benetako protagonistak gure herrian bizi diren hainbat herritatik etorritako bizilagunak izan zirela, beraien parte hartzearekin”.
Horrez gain, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, udalak aho batez onartu du UEMAren adierazpen instituzionala, udalbatza osatzen duten bi talde politikoen babesarekin. Markina-Xemein udalerri euskalduna den heinean, bi konpromiso ezagutarazi nahi izan dituzte adierazpenaren bitartez: “Batetik, euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan eredu eta bide urratzaile izateko konpromisoa. Bestetik, euskarak ezinbestekoa duen lege babesa lortzeko lanean gainerako erakundeen eta eragileen bidelagun izateko konpromisoa”.
Gaur egungo hizkuntza gatazkari aurre egiteko euskarak “lege orubea” behar duela aldarrikatu dute: “Dagokigun arduratik, horiek lortzeko lanerako eta elkarlanerako ordua dugu orain erakundeok, inoiz baino gehiago. Eman diezaiegun euskara eta bidea herritarrei”.