250 lagun elkartu dira Etxebarriko San Andres Eguneko afarian
Gazteen briska txapelketan sei bikotek parte hartu zuten, eta nagusienean berriz, zortzik. Nagusien artean kartel lehiaketa Nerea Mugerzak irabazi zuen.
Aurtengoan ere goi-goitik ospatu dute San Andres Eguna Etxebarrian. Azaroaren 30eko grebaren eraginez aurreko urteetan baino jende gutxiago joan zen arren, “uste baino hobeto” joan zen.
Briska txapelketa falta ezin den ekintza da jai askotan, eta halaxe da Etxebarrian ere. 16:00etan ekin zieten txapelketari, bi mailatan banatuta: 16 urtetik beherakoak eta 17 urtetik gorakoak. Gaztetxoetan iaz baino parte hartzaile gehiago egon ziren, sei bikote, hain zuzen ere. Nagusietan iazko antzera, zortzi bikotek parte hartu zuten. Ekain eta Oumar nagusitu ziren gaztetxoetan, eta Jesus Loiola eta Luis Maguregi berriz, nagusietan.
Batzuk briskan zebiltzan bitartean, besteak herri kirol jokoetan aritu ziren. 18:00ak arte ume eta nagusiek herri kirolak probatu eta ezagutzeko aukera eduki zuten: “Oso ondo egon zen, umeek asko gozatu zuten”. Txapelketa eta jokoak amaituta, San Andresetako kartel lehiaketako sari banaketa egin zuten. Marrazki mordoa jasota, 5 urte arteko umeen artean Lia Aierdi nagusitu zen, 6 eta 9 urte bitartean berriz, Ane Guenagak irabazi zuen eta 10-16 urte bitartean, Maddi Guenagak. Nagusietan, Nerea Mugerza izan zen onena.
Eguna ezin hobeto amaitzeko, afari herrikoian 250 lagun elkartu ziren: “Afarian grebaren eragina nabaritu genuen, beti etortzen diren herritar batzuk falta zirelako. Hala ere, oso ondo joan zen eta espero baino jende gehiago etorri zen”.