Mikel Agirrek irabazi du bigarren mailako Bizkaiko Aizkolari Txapelketa
Lehen mailan lehiatzeko txartela lortu du ondarrutarrak. Hurrengo helburua Santo Tomas egunean lehiatuko den Bizkaiko Trontza Txapelketa izango da.
Mutriku Sokatira Taldeko Mikel Agirre ondarrutarrak txapela lortu du domekan [abenduak 3] Leioan lehiatutako bigarren mailako Bizkaiko Aizkolari Txapelketan eta oso pozik agertu da lortutakoagaz. “Denboraldiko jomuga argi bat zen niretzat eta lortu egin dut, hortaz, oso pozik nago”.
Gainontzeko lehiakideekin lehia estuan aritu ostean 17 minutu eta 31 segundotan proba osatuta eskuratu zuen lehenengo postua Agirrek; Beñat Lekue eta Marco Nevadogaz batera nor baino nor gehiago aritu zen. “Hirurok lehian aritu ginen, gainera, atzetik hasi nintzen baina erritmo on bat zehaztu nuen eta lan eginez aurrea hartzea lortu ere. Baina lehiatua izan zen”. Lekuek bigarren postua eskuratu zuen 17 minutu eta 52 segundoko denboragaz, Nevado, ostera, hirugarrena izan zen, bi segundo gehiagogaz.
Agirrek 2021ean hirugarren mailatik bigarrenera igotzea lortu zuen Ondarroan, iaz, ostera, Lekeiton azpitxapeldun geratuta, ez zuen lortu lehenengo mailara igotzea. Aurten, ostera, helburua ondo baino hobeto bete du. “Lehenengo mailara igotzeko helburua jarrita nuen, baina banekien ez zela lan erraza izango, Lekuek oso maila ona baitu. Duela bi urte 2021ean mailaz igotzea lortu nuen Ondarroan eta domekako lorpenagaz lehen maila eskuratu dut”.
Egindako lanaren emaitza da Agirrek lortutako, hain zuzen ere, bi helburu zituen denboraldirako eta biak lortu ditu: “Entrenatzailearekin batera pentatloian maila ona ematea eta mailaz igotzea izan ziren aurtengo helburuak. Pentatloiko helburua beteta, zaila ikusten nuen aizkoran mailaz igotzea, baina lortu dugu”. Orain lehenengo mailako aizkolariekin arituko da plazan: “Onenekin batera jokatzera pasatzea erronka handia da, izen handiak izango ditut inguruan, baina gustura nago hor egoteko aukera izatearekin.