'Ondarru, bixi-bixi' herriaren izaera eta norabidea transmititzeko marka
Udalak erabiliko duen irudia izango da baina ez du armarria ordezkatuko. Ondarroako udalak Whatsappeko kanala martxan jarri du herritarrek udaleko jardunaren berri izateko.

Herriaren nortasunaren adierazgarri izango den Ondarru, bixi-bixi marka Ondarroako Udalak aurrerantzean erabiliko duen irudia izango da. Andoni Gartzia Alkorta ondarrutarrak sortutako marka da, bertan, olatuek osatutako O hizkia eta Ondarru, bixi bixi leloa uztartu ditu sortzaileak.
Gartziaren lanagaz herriaren izaera eta norabidea transmititu nahi izan ditu udalak, eta “uste dut lortu duela nahi dugun irudia islatzea”, adierazi du Urtza Alkorta Ondarroako alkateak. Hala ere, herri markak ez du udalaren armarria ordezkatuko: “Osagarriak izango dira. Armarria garrantzi handiko sinboloa da herriarentzat, eta ez dugu albo batera utziko”. Gainera, herritar batek sortutako logoa izatea garrantzitsua dela azpimarratu du, “herritarrok baino hobeto inor ez baitu ezagutzen Ondarroa”.
Irudian Ondarru erabiltzearen alde egin dute, “horrela izendatzen baitugu gure herria herritarrok”, Ondarroa izen ofiziala baino gertukoagoa baita. Udalaren komunikazio ofizialetan, irudi, testu eta abarretan Ondarroa idazten jarraituko dute, baina herri marka sortzerakoan herriaren izena herritarren ahoan eta buruan den moduan erabiltzea egokiagoa ikusi dute, gertutasuna eta herritaren hizkera erakusteko. “Bixi-bixi ere herriko esamoldea da, eta uste izan dugu herri marka hobeto ulertzen dela eta nahi duguna gehiago eta hobeto transmititzen duela herri hizkeratik”.
Ondarru, bixi-bixi dioen leloak hiru esanahi barnebiltzen ditu. Batetik, Ondarroa bizitzeko herria dela, aukerak eskaintzen dituena eta norbere proiektuak gauzatzeko leku aproposa dela. Bigarrena, herri bezala bizirik dagoen herria dela; euskara, kultura, kirola, portua, feminismoa, sormena, aniztasuna, historia, kaleak, kondairak, txokoak… “Txikitasunean handia eta bizia den herria da Ondarroa, herritarrek egiten dute bizi herria”. Eta hirugarrena, herria bizi egin behar dela. “Ondarroa ez da postaleko argazki soil bat den herri bat, Ondarroa bizi behar den herri bat da, hizkera eta izatearekin, kresalarekin”.
Ondarroako Udalak Whatsappeko kanala martxan jarri du herritarren udaleko jardunaren berri izateko bide gehigarri bat eskainiz, hala nola, albisteak, agenda, iragarpenak, argazkiak etabar zabalduko dituzte. “Udalak orain arte zituen sare sozialek segmentazio bat erakusten zuten adin multzoka, baina uste dugu whatsappeko kanal berri hau sortzeak hori gainditu dezakeela, adin guztietako herritarrak baitira whatsapparen erabiltzaileak”. Gogorarazi dute whatsappeko ohiko talde baten antzeko funtzionamendua daukala, baina mezuak bakarrik udalak bidali ahal izango ditu Whatsappeko kanalera batzeko aukera dago lotura honen bitartez.