Zaku eramate alorreko kirolari onenen hitzordua, Ziortza-Bolibarren
Emakumezkoen Bizkaia Openeneko zaku eramate finala lehiatuko dute abenduaren 10ean, Ziortza-Bolibarren. Bestelako alorren erakustaldiak ere egingo dituzte.
Ziortza-Bolibarrek punta-puntako herri kirolak hartuko ditu asteburuan. Datorren domekan [abenduak 10]. Bizkaiko Herri Kirol Federazioak udalaren babesagaz antolatuta, Emakumezkoen Bizkaia Openeko zaku eramate finala jokatuko dute, 13:00etan hasita. Hiru finalista arituko dira zein baino zein gehiago: Nerea Sanz, Esti Meseguer eta Amaia Mendinueta.
Finalaz gain, bestelako herri kirolez ere doan gozatzeko aukera paregabea edukiko dute bertaratzen diren guztiek. Izan ere, hainbat erakustaldi egingo dituzte. Trontza saioan, ondorengo bikoteek parte hartuko dute: Mikel Agirre-Andoni Zubiaurre, Oier Arana-Joseba Arrien, Aritz Martin-Xabat Erleaga eta Bingen Erleaga-Oier Ibergallartu. Erleagatarrek, gainera, lasto jasotze saioan errepikatuko dute. Zaku eramate finala lehiatuko duten hiru partaideak, ostera, ingude jasotzean ere ariko dira. Egitaraua borobiltzeko, Karmele Gisasolak harri-jasotze erakustaldia egingo du.