100 mutrikuarretik gora elkartu dira Berriatuko eraso matxista salatzeko asmoz
EMAk deitutako elkarretaratzean batu ziren atzo [abenduak 5] herritarrak. Indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzeko eskatu zieten instituzioei.
Azaroaren 25ean Berriatuan mutrikuar bati egindako eraso matxista salatzeko asmoz, EMAk deitutako elkarretaratzean batu ziren atzo [abenduak 5] mutrikuarrak. Mutrikuko Udalak ere bat egin zuen deialdiagaz, eta 100 lagunetik gora elkartu ziren Goiko Plazan, “gertatutakoa salatu” eta “erasotuari eta haren inguruari babes osoa” adierazteko asmoz. Berriatuko elkarretaratzean bezala, Mutrikun ere indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzeko eskatu zieten instituzioei eta erasotzailearengana zuzendu ziren, egindakoak ez duela lekurik irmo salatuz: “Jakin ez Berriatuan, ez Mutrikun ez zarela ongi etorria, eta erasotuari edo beste emakumezko bati beste behin min egiten badiozu, aurrean izango gaituzula. Hau ezin da errepikatu, ez Berriatuan, ez Mutrikun, ez beste inon”.