Lekeitioko Udalak 30.000 euroko diru laguntza jaso du Mendieta Ontziola birgaitzeko
Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik jaso dute diru laguntza, ontziola eta alboko etxea birgaitzeko bigarren faseko zati bat finantzatzeko.
Lekeitioko Udalak, Mendieta Ontziola birgaitzeko bigarren faseko lanen zati bat finantzatzeko eta alboko etxea berreraikitzeko, 30.000 euroko diru laguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.
Diru laguntza eskaera egin zuen udalak, ontziola babestu eta balioztatzeko beharrezkoak diren lanak egiteko. Aldundiak nabarmendu du “berretsi” egiten duela ontziola babesteko eta kontserbatzeko duen konpromisoa: “Lurraldeko kultura eta itsas ondarearen zati integral moduan duen garrantzia aitortzen diogu”. Jasotako diruagaz, ontziolaren kontserbazioa bermatzeko funtsezko lanak egingo dituzte, besteak beste, elementuak desmuntatu, lurra mugitu eta zimenduak jarri.
Garrantzi handikoa. Ontziola bera, alboko etxea eta inguru guztia Euskal Kultura Ondarearen Inbentaio Orokorrean monumentu moduan sailkatuta dago. Itsas ondare industrialaren “erreferente nabarmena” dela azpimarratu du BFAk, “ez bakarrik toki mailan, baita euskal itsasertzaren eta Kantauri itsasertz osoaren testuinguruan ere”. Martxan dauden lanen aurretik, beste hainbat lan ere egin izan dituzte bertan: 2016an, 2018an, 2019an, 2020an, 2021ean eta 2022an.