Pentsiodunen mozioa onartu dute eskualdeko hainbat herritan
Pentsiodunen borrokaren funtsezko aldarrikapenetako bati babesa eman diote Mutriku, Lekeitio eta Ondarroako udalek.
Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat herritan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak abiatutako ekimenagaz bat egin eta pentsiodunek Gutxieneko pentsioa 1.080 euro mozioa aurkeztu zuten eta udalen aldetik babesa jaso dute; Ondarroan, Lekeition eta Mutrikun onartu baitute.
Borrokan aurrera pauso bat eman eta bi eskaera egin zituzten; batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari 1.080 eurora arte pentsiodunen gutxieneko pentsioa eskatzea, 14 ordainsaritan eta 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari jakinaraztea udal bilkuran hartutako erabakia.
Ondarroako Alamedako pentsiodunen mozioa asteleheneko [abenduak 4] udalbatzan onartu zen EH Bilduren aldeko zazpi boto eta EAJren abstentzioagaz. Ion Iñaki Artetxe EH Bilduren zinegotziak aldarrikapenarekin bat egitea argudiatu zuen: “Uste dugu 1.080 euroko pentsioa edozein pertsonak bere bizitza gutxieneko duintasun batik aurrera eramateko behar-beharrezkoa dela. Eta 1.080 euro esan duzue, baina kontuan hartu behar da kopuru hau duela bost ero sei urte aldarrikatzen zenuten berdina dela, eta ikusita bizitza zenbat garestitu den, gaur egun aldarrikatzen duzuen kopuruak aldarrikatzea ere bidezkoa ikusten dugula”.
Mutrikun EH Bilduren aldeko sei boto, Berdeen aldeko boto batekin eta EAJren kontrako bost botogaz onartu zen mozioa. Inhar Mutiozabal EH Bilduren zinegotziak gaia Mutrikura ekarri eta egoera mahai gainean jartzearen beharra azpimarratu zuen: “Nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena ez izan, eskaera mahai gainean jarri eta plazan ikusten ditugun horiei entzutea garrantzitsua da. Mutrikuko prekarietate egoeraren azterketa dugu; 120 pentsiodun ditugu herrian 500 euro kobratzera ailegatzen ez direnak. 1.080 eurotaz hitz egiten ari gara, baina horraino heldu arte bidea luzea da”.
Ion Gambra EAJko zinegotziak planteamendu serio eta landuago bat egin daitekeela zehaztu zuen: “Pentsioen arazoaren inguruan planteamendu serio bat egin beharrean kanpaina politiko bat dela iruditzen zaigu. 1.080 kopuru hori baten batek asmatu zuen duela 6 urte eta ez dago inolako azterketa sozialetan oinarrituta. Pentsioen inguruan planteamendu bat egin daitekeela uste dugu serioagoa eta landuagoa”.
Lekeition, berriz, abenduaren 1ean egindako udalbatzan onartu zuten mozioa; EH Bilduren aldeko zazpi boto eta EAJren abstentzioagaz.