Piztu Dendak ekitaldiak "oso erantzun ona" lortu du markina-xemeindarren artean
Gabonetako argien piztueragaz batera, argazki lehiaketa jarri du martxan Hemen Be Bai merkatari elkarteak. Abenduaren 17a izango da parte hartzeko azken eguna.
Pasaden barikuan [abenduak 1] bete-betean sartu ziren gabonetan markina-xemeindarrak. Hemen Be Bai merkatari elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak gabonetako argien piztuera egin zuten Piztu Dendak ekitaldiagaz batera, 20:15ean. Hori gutxi ez, eta azaroaren erdialdetik martxan egon den tonbolako sari banaketa ere egin zuen merkatari elkarteak.
Eguraldiak asko lagundu ez zien arren, jende ugari bildu zen saridunak izan ziren edo ez jakiteko asmoz: “Iaz antolatu genuen lehenengoz, eta oso erantzun ona izan zuen. Aurten ere, oso erantzun ona jaso du, nabari da herritarrei gustatzen zaiela”. Beraz, guztiak udaletxe aurrean elkartuta, 1.000 euro banatu zituzten produktuetan, eta beste 1.000 euro deskontuetan. Produktuak eskuratu zituztenek barikuan jaso zituzten, eta deskontuak eskuratu zituztenek, berriz, abenduaren 15a baino lehen erabili beharko dute. 46 dendaren artean bat aukeratu, eta bertan erabili beharko dute bonua.
Argazki lehiaketa. Gabonetako argiak piztu eta tonbolako sariak banatzearekin batera, argazki lehiaketa jarri zuten martxan. Piztu dendak, piztu Markina-Xemein lelopean, Markina-Xemeingo merkataritza eta komertzioak piztu eta bultzatzearekin lotura duen argazki bakarra igo beharko da Facebook edo Instagramera. Abenduaren 17a da parte hartzeko azken eguna, eta #piztudendak2023 traola erabili beharko da: “Gabonen atarian, Markina-Xemeingo komertzioak piztea, indartzea eta herriko saltokiei bultzada ematea da helburua”.
Adierazi dutenez, ez dute muntatutako argazkirik onartuko, eta argazkiak ez du testurik eduki beharko. Sare sozialik ez dutenek beste erabiltzaile baten bitartez igo dezakete argazkia, egilaren izena zehaztuz.
Epaimahaia udalelko eta merkatari elkarteko kideez osatuta egongo da, eta hiru sari banatuko dituzte; denak ala denak herriko saltokietan erabiltzeko bonuak izango dira. Abenduaren 18ko astean jakinaraziko dute argazkirik onena norena izango den, eta beraz, 125 euroko bonua nork eskuratuko duen. Bigarren saridunak, berriz, 75 euroko bonua jasoko du, eta hirugarrenak 50ekoa. Lehiaketako oinarriak eskuragarri daude www.markina-xemein.eus webgunean.