Punta-puntako bertsolariek abestuko dute Kontzezio Eguneko jaialdian
Amaiur Kultur Elkarteak salgai jarri ditu sarrerak, 12 euroren truke, Ateun harategian eta Tate gozotegian.
Bertsozaleentzako hitzordu garrantzitsua bihurtu da Kontzezio Egunean Markina-Xemeinen egiten den bertso jaialdia. Aurtengoan ere, abenduaren 8an goraino beteko da Uni frontoia, eta punta-puntako sei bertsolari entzun ahalko dira bertan. Amaiur Kultur Elkarteak hiru emakume eta hiru gizon elkartu ditu, beste behin ere: Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Andoni EgaƱa, Miren Artetxe eta Unai Iturriaga. Gai jartzaile lanetan berriz, Amaia Agirre arituko da.
17:30ean ekingo diote bertsolariek beren lanak egiteari. Ohiko tokietan eskuratu daitezke sarrerak, 12 euroren truke: Ateun harategian eta Tate gozotegian. Sarrerarik geldituko balitz, takilan salgai jarriko dituzte egunean bertan. Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute berogailuak jarriko dituztela hotzari aurre egin ahal izateko.
Goi mailako bertsolariak. Zalantzarik gabe, Markina-Xemeingo oholtzan bertso paregabeak entzun ahalko dira. Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Lemoako finalaurrekoa irabazi zuen, 638 puntugaz, eta abenduaren 16an Bilbon jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen. Joanes Illarregik, berriz, Nafarroako Bertsolari Txapelketa amaitu berri du eta laugarren sailkatu da, 4.601 puntugaz. Euskal Herriko gaur egungo txapelduna ere bertan ariko da, Maialen Lujanbio, hain zuzen ere.