Gabonetarako egitarau bete-betea osatu dute Ondarroan, herritik eta herriarentzat
Urteroko hitzorduak mantendu eta hamaika berritasun proposatu dituzte, denetara, 34 ekintzak hartuko dute herria.
Gabonak gainean ditugularik, Ondarroako hainbat elkartek udalagaz elkarlanean Gabonetarako egitarau zabal bezain anitza antolatu dute, zehazki, hilabeteko tartean 34 ekintzak hartuko dute herria. Etzi [abenduak 9] abiatuko dituzte ekimenak; azoka, erakusketak, musika, kirola, ikuskizunak, hitzaldiak, bertsoak, kalejirak, umeentzako ekintzak egongo dira aukeran.
Zereginik ez da faltako herrian. Herriko sortzaile, artista eta taldeek berebiziko garrantzia izango dute egitarau bateratuan: Yaalah, Atletismo Taldea, Galizia Etxea, Zientziaren Giltzak, Unanue Udal Musika Eskola, Jazz-Dantza, Dantzarte, Kantaize, Egunsentia koop., Unanue KK, Txirrimorraski, Alain Lersundi, Kresala KE, Kontinental Mahaijokoen Taldea, Aurrera MT, Aurrera KE, Artaka, Bertsutan eta Andra Mari parrokia dira parte hartu duten herriko eragileak.
Kultura, kirola, historia, musika eta hamaika ekimenek jantzi eta girotuko dute herria. Ondarroako Udalaren Kultura Sailetik eskerrak eman nahi izan dizkiete Gabonetako egitaraua osatzen lagundu diten herriko talde, elkarte eta norbanako guztioi. «Beste behin ere, Ondarru bixi-bixi dagoela erakutsi dugu elkarlaneko egitarau honegaz. 34 ekintza hilabate eskasean. Eskerrik asko!».
Tripi-Trapu azokagaz abiatuko da egitaraua etzi, herriko sortzaileek haien lanak plazaratzeko aukera izango dute Kofradia Zaharreko lehenengo solairuan, 10:30etik 15:30era.
Behin ekimenak abiatuta, hitzorduak pilatzen joango dira, eta berritasunik ez da faltako; oihal ikastaroa, magia ikuskizuna, filmak, hitzaldiak… Edozelan ere, urteroko hitzordu ukaezinei eutsiko diete. Ondarrutar naturala lehiaketa, Egia-Iriondo memoriala eta bertso saioa ez dira faltako.
Txikienei zuzendutako ekimenek ere leku esanguratsua edukiko dute. Bixikanen jolas txokoa egongo da abenduaren 26an, 27an, 28an, 29an eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, 09:30etik, 13:00era bitartean. 3 urtetik 7 urtera bitartekoei zuzenduta egongo da. Horrez gain, ohi legez, puzgarriak egongo dira Zaldupe kiroldegian, abenduren 26an, 27an, 28an eta 29an, 16:00etatik 20:30era bitartean.
Ondarroako Udalak antolatzen dituen ekintza batzuetarako sarrerak eskuratzea beharrezkoa izango da: Arraun Ondarru dokumentala, Nire Zigilua ikuskizuna, Ondarrutar naturala eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Azken honetarako sarrerak ez daude eskuragarri. Abenduaren 19an jakinaraziko dute salmenta egunen data zehatzak.