Klima aldaketak ozeanoetan duen eragina aztertu du Aztik
Hainbat hamarkadetan zehar egindako neurketen ondorio nagusiak biltzen dituen memoria oso bat argitaratu dute.
Klima aldaketak itsasoetan eta ozeanoetan duen eraginari erantzun zientifikoa emateko memoria oso bat argitaratu du Azti zentro teknologikoak. Ekosistema horiek pairatzen ari diren eraldaketaren inguruko datu garrantzitsuak ematen ditu zentroaren webgunean deskargatu daitekeen dokumentuak.
Memoriak hainbat hamarkadetan zehar egindako neurketen ondorio nagusiak biltzen ditu. Itsasoaren tenperatura, 1986az geroztik hilero monitorizatu da: hamarkada bakoitzeko 0,19ºC eta 0,26ºC artean igo da hego-ekialdeko eta kostaldeko eremuan. Guillem Chust Aztiko klima aldaketaren arloko koordinatzaileak adierazi duenez, “hazkunde horri eutsiz gero, mende amaierarako 3,5ºC-ra iritsiko dela aurreikusten da”. Ozeanoen berotzeak “fitoplaktonaren eta zooplaktonaren biomasak %6 eta %11 murriztuko ditu”: itsaz bizitza poloetara mugituko da, eta ondorioz, itsasertzeko herrietan udak beroagoak izan daitezke.
Itsasoaren mailak ere gora egin du; 1990etik, hamarkada bakoitzeko 1,5 eta 3,5 zentrimetro bitartean igo da. Aurreikuspenen arabera, euskal kostaldean igoera 50 eta 80 zentrimetrokoa izan daiteke mende amaierarako. Bestalde, olatuen muturreko altuerak ere nabarmen egin du gora: 16 zentriometro igo da hamarkada bakoitzeko. “Fenomeno hori azken hamarkadako ekaitz-baldintzekin lotuta dago ziur aski”. Chusten esanetan, “itsasoaren maila igotzeak ondorio nabariak eta kezkagarriak izango ditu, hala nola, gure hondartza gehienak edo estuarioko ekosistemak galtzea”.
Kostako uholde-arriskuak ere kontuan hartzen ditu Aztiren memoriak. 2050erako arriskuan dagoen azalera %12 handituko dela eta 2100. urterako %24tik %59ra bitartekoa izango dela: “1.700 hektareatik 2.700 hektarea ingurura igaroko litzateke mende amaieran”. Ekaitzen ebaluazioa hobetzeko, kostan duen eragina aurreikusteko eta ondorioak arintzeko neurriak finkatzeko “datu-base zabala” sortu dute. Bestelako irtenbideak ere ezarri dituzte, hala nola, olatuek duten inpaktu-indarra neurtzeko sentsorea edo uholde-prozesuak simulatzeko gai diren eredu informatikoak.
Migrazioa- eta banaketa-aldaketak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arrantza-ekonomiaren oinarrietako bi diren banaketa eta migrazio-mugimeduak klima aldaketaren ondorioak pairatzen ari dira. Bizkaiko Golkoko antxoaren datuen azterketa historikoko emaitzen arabera, “antxoak klima gorabeherei erantzuten die”. Itsasoaren berotzeak eta beste aldagai batzuen aldaketek “antxoa-arrautzen dentsitatea handitzea eta errute-eremua handitzea” ekar dezakete. Hala ere, antxoa “espezie erresilientea” eta klima aldaketarekiko “kaltebera ez dena” dela ondorioztatu dute.
Tunidoen kasuan, bestalde, aldaketak nabarmenak izaten ari dira. Arrantza estrategiak aldaketa horietara egokitzeko, Aztiko ikertzaileek klima aldaketak tunido-espezie garrantzitsuenetan, eta beste harrapari handi batzuetan duen eragina aztertu dute, 1958tik 2004ra bitarteko datu serie historiko bat behatuz. “Proiekzioek erakusten dute atunak poloetara joan ohi direla mende amaierarako. Tamainari dagokionez, 2050erako %15 jaitsiko dela aurreikusten da, espezieen hazkuntzan izandako beroketaren ondorioz”.