Lorea Zulaika: "Gure abesti askok kutsu soziala dute"
'Kadira' izeneko diskoagaz besapean, Durangoko Azokan eskuragarri dago Kadira taldearen lehenengo lana. Abenduaren 13an, berriz, plataforma digital guztietan entzun ahalko da.
Ezin ukatu daiteke Durangoko Azoka plaza ezin hobea dela euskal sortzaileentzako, eta horregatik, asko dira azoka hasten denerako liburuak eta diskoak argitaratzen dituztenak. Horien artean dago Kadira taldea ere, euren opera primagaz: Taldearen izen bereko diskoa argitaratu berri dute azokan. Lorea Zulaika ziortza-bolibartarra taldean musika sortzeko asmoz eta gogoz, konfinamendu ostean elkartu zen Aitor Aristondo eta Oier Ponce ondarrutarrekin eta Aritz Aramendi bidania-goiaztarragaz.
Nola sortu zenuten Kadira taldea?
Abestiak egiten hasi nintzen ni, eta ostean unibertsitateko lagun batekin, Aritz Aramendigaz elkartu nintzen, abestiei forma emateko. Kontzertu batzuk eman genituen arren, proiektua bertan behera gelditu behar izan zen. Iaz berriro ere elkartu, eta Azpeitiko Dinamoan egiten den Arkupehotsak dinamikara aurkeztu ginen. Taldea dinamikan onartu zuten, eta Azpeitian Idoia Asurmendigaz kontzertu bat eskaintzeko aukera eduki genuen. Aitor Aristondo aurtengo urtarrilean batu da taldera, eta maiatzean eman genuen Azpeitiko kontzertua. Ostean, Ondarroan eta Zarautzen ere jo dugu, eta udan diskoa grabatzen egon gara.
Udan, beraz, estudioan murgildu zarete.
Bai, uztail erdialdean hasi ginen Mutrikuko AME Estudioan grabatzen, Axular Arizmendigaz. Uste baino luzeago joan da, hiru aste inguru pasa genituen grabatzen. Kadira izeneko diskoa atera berri dugu, zortzi abestiz osatuta: Adio, Aieneka, Hiru tiro hots, Euriari, Salbazioa, Egarri eta Maitaleen swinga. Lehenengo singlea azaroaren 24an atera genuen, Adio. Disko osoa, abenduaren 13an aterako dugu plataforma digital guztietan. Oraingoz, Durangoko Azokan dago salgai, Mukuru Kolektiboaren standean.
Ze estilotako kantuak entzun ahalko dira disko berrian?
Oinarrian rocka eta popa daude. Hala ere, zertzelada ezberdinak dituen disko bat da, eta erritmo afroamerikarrak daude abesti batzuetan, esaterako, baina oinarrian popa eta rocka nabaritzen dira. Bestalde, azken urteetan taldekideek jazza eta soula asko entzun izan dituzte, eta horrek ere eragina eduki du.
Abestiek badute zabaldu nahi duzuen mezurik?
Bai, abesti askok kutsu soziala dute. Aieneka kantua, adibidez, naturaren suntsiketaren aurkako abestu bat da eta Adio desberdintasun sozialen ingurukoa. Abesti horiekin, esaterako, uste dut mezu bat zabaltzen dugula.
Abesti bakoitzaren prozesua desberdina da musika talde bakoitzarentzat. Nolakoa da zuentzat?
Disko honetako kantuen melodiak eta letrak asmatzea, hasiera batean, nire lana izan da. Instrumentalki, berriz, taldean osatu ditugu abestiak. Hor paper garrantzitsua jokatu dute taldekideek, nik bakarrik ez dut uste ahalko nukeenik. Niri pertsonalki, abesti batzuk oso erraz irteten zaizkit. Pertsonalagoak direnak zailagoak dira taldean aldatzeko, baina abesti guztiek denboratxo bat badutenez, taldean moldatuz joan gara.
Aurrera begira, ze norabide hartu nahiko zenuekete?
Gaur egun, asko entzuten den musika estilo bat ez baduzu egiten, gero eta zailagoa da tokia egitea. Badakigu musika independentea egiten dugula, eta ikusiko dugu ea ze ibilbide egiten dugun. Bidea zabaltzea ez da erraza, baina, oraingoz, Zumarragan daukagu gure hurrengo kontzertua, abenduaren 27an.