Mutrikuko pentsiodunak ez daude ados EAJren argudioekin
Azaroaren 29ko udalbatzan onartu zen pentsiodunen mozioa. EAJk kontra bozkatu zuen eta emandako argudioen aurrean, "oso harrituta" agertu dira Mutrikuko pentsiodunak.
Mutrikuko Duintasuna pentsiodunek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin bat egin eta udalean aurkeztu zuten 1.080 euroko pentsioaren eskaera jasotzen zuen mozioa; 400 herritarren sinaduren babesarekin. Azaroaren 29ko udalbatzan onartu zen mozioa EH Bilduren aldeko sei boto, Berdeen aldeko boto bat eta EAJren kontrako bost botorekin.
Mutrikuko pentsiodunek eskerrak eman nahi izan dizkiote EH Bildu eta Berdeak alderdiei, jasotako babesagatik. Ostera, EAJk egindako adierazpenen aurrean desadostasuna erakutsi dute: “Udalbatzan eman zen hizketaldian, EAJren ordezkariak oso harrituta utzi gintuen agertu zituen adierazpenak medio”.
“Argi erakusten du honek EAJk ez dituela ezagutzen Pentsiodunen Mugimenduaren helburuak, kezkak eta nahiak”.
Esaterako, EAJk 1.080 euroko kopuruaren oinarri falta azpimarratu zuen: “Baten batek asmatu zuen duela 6 urte eta ez dago inolako azterketa sozialetan oinarrituta”. Europako Karta Sozialak jarritako irizpidea jarraitzen duela zehaztu dute pentsiodunek, Europako bataz besteko soldataren %60a aplikatuz. “Hori bai, 1080 euroko gutxiengoa ez dago eguneratua eta azken urteetako bizitzaren igoera egokitzea falta zaio, izan ere 1080 euroko pentsioa pobreziaren mugan dago eta”, gehitu dute.
Gainera, EAJk eskaera kotizatu ez dutenentzat egin dela esan eta ez guztientzat, hortaz, ez dela justua azpimarratu zuen. Baina 1.080 euroko gutxineko pentsioa, “beti eskatu izan da kotizatu dutenentzat“, adierazi dute pentsiodunek. “Argi erakusten du honek EAJk ez dituela ezagutzen Pentsiodunen Mugimenduaren helburuak, kezkak eta nahiak”.
Duela bi urteko Mutrikuko datuen arabera 200 alargun inguruk 800 eurotik behera jasotzen zuten eta 160 alargun inguruk 500 eurotik behera.
Horrez gain, EAJk eskaera kanpaina politiko bat iruditzen zaiela adierazi zuen, eta argi erantzun dute pentsiodunek: “Pentsiodunen Mugimendua astero batzen da eta sarritan egiten ditu manifestazioak, sinadura bilketak eta bestelakoak. Eskaera ez dago gaurko koiuntura politikoari lotuta”.
Eskaera Jaurlaritzaren eskumenetatik kanpo dagoela argudiatu zuten EAJtik, hala ere, gehitu zuten 100 milioi jartzen dituela urtero laguntza osagarrietarako. Horren aurrean, pentsiodunek DBEaren filosofia haien helburuetatik urrun dagoela azaldu dute: “Duela bi urteko datuen arabera Mutrikun 100 pertsona inguruk jasotzen zuten DBEa. Eta 1.200 pentsiodunetik 600 inguruk 1.000 euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen zuten hilero. Kopuru honen barruan alargunak ere sartzen ziren; 200 alargun inguruk 800 eurotik behera jasotzen zutelarik eta 160 alargun inguruk 500 eurotik behera”.