Markina-Xemeingo Kontzezio Eguneko bertso saioak, beste urte batez, ez du hutsik egin
Gaur [abenduak 8] Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Artetxe eta Unai Iturriaga aritu dira bertsotan.
Abenduaren 8ko Kontzezio Eguna bertso eguna da ez bakarrik Markina-Xemeinen, baita Lea-Artibai eskualde osoan ere. Uni frontoian elkartzen dira urtero bertsozaleak goi mailako bertsolarietaz gozatzeko prest. Aurten, adibidez, datorren hilaren 16an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izango den Nerea Ibarzabalek herrikideen azken hauspoa jaso du. Goi mailako saioa izan du entrenamendutzat Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Artetxe eta Unai Iturriagagaz.
Huts egiten ez duen hitzordua da gaurkoa [abenduak 8], eta aurtengoa ez da gutxiagorako izan. 1000 pertsona inguru elkartu dira pilotalekuko harmailetan. Markina-Xemeingo Amaiur elkartetik “pozik” agertu dira beste urte batez herritarrek emandako erantzunagaz. Andoni Egañak agurrean ondo azaldu duenez Uni frontoikoa da “40 urtetan aldatu ez den jaialdi bakarra”. Hain zuzen ere, Illarregi gazteak nabarmendu du saioa “konsagratuta” dagoela eta argi utzi du egunotan “Durangotik kanpora ere badagoela bizitza”.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Ohi legez, Amaia Agirre aritu da gai jartzaile lanetan, eta ez dira falta izan gaurkotasuneko gaiak, Euskal Presoak edota Gabonetako gorabeherak. Palestinar herriarekiko elkartasuna nabaria izan da saioan, Ibarzabal goizean Gernika-Lumoko ekitaldi nazionalean parte hartu eta gero hartu du hitza. Azkenaldiko euskararen aurkako oldarraldia ere mintzagai izan da. Bertaratu direnek gozatua hartu dute.