86 bazkide elkartu dira Beti Jai elkartearen anaitasun ospakizunean
Gernikako Bakearen Museoa eta Santimamiñeko Kobak ikusi dituzte bazkideek. Hurrengo hitzordua abenduaren 21ean jarri dute.
Pasaden zapatuan [abenduak 9] elkartu ziren Markina-Xemeingo Beti Jai elkarteko bazkideak, anaitasun bazkaria egiteko asmoz. 86 bazkide elkartu, eta Gernikara abiatu ziren: “Urtean behin antolatzen dugu bazkideen bazkaria. Iaz, esaterako, Elorriora joan ginen, eta aurten Gernikan egon gara. Talde batek Bakearen Museoa ikusi zuen eta beste taldeak, berriz, Santimamiñeko kobak ikusi zituen”.
Bakoitzak eguna bere gustura antolatuta, Lezika jatetxean elkartu ziren denak bazkari eder bategaz gozatzeko asmoz: “Denentzako ekintzak antolatzen saiatzen gara, eta bakoitzak nahi duena aukeratzen du. Egun ederra pasa genuen eta bazkideak pozik geratu ziren egunagaz”.
Hurrengoak. 2023a ekintzaz beteta egon da Beti Jai elkartekoentzat, eta oraindik ere beste bi dituzte aurretik. Zehaztapen guztiak aurrerago emango dituzten arren, aurreratu dute abenduaren 21ean herritik ibilalditxo bat egin, eta Santo Tomasak aitzakiatzat hartuta, merienda egingo dutela elkartean. Abenduaren 29an, berriz, urteko azken hitzordua edukiko dute, eta Azken Dantza izenagaz urteko ekintza guztietako argazkiak ikusteaz batera “dantza apur bat eta txokolatada” egingo dituzte.