Mutrikuko EH Bilduk herri batzarra deitu du dikearen gaia jorratzeko
Bilkideen arteko herri batzarra deitu dute dikeari buruzko gaia jorratu eta eman beharreko pausoak erabakitzeko: abenduaren 21ean, 19:15ean, Zabie kultur etxeko ganbaran.
Mutrikuko dikearen obrak geldituta, testuingurua erabat aldatu da herrian. Duela bi hamarkada emandako egoera errepikatu da, zehazki, akatsak egon direla argudiatuta obra kontratua apurtu eta proiektua gelditzeaz gain, berriz ere esleituko dela zehaztu baitu Eusko Jaurlaritzak.
Egoera berriaren aurrean Mutrikuko EH Bilduk herriaren nahia mahai gainean jartzeko unea dela esan du: “Dikea luzatzeko obra kontratua bukatutzat eman eta dikearen obrak gelditu egin dira. Obra berriro esleitu artean, herri honek bere proiektua mahai gainean jartzeko aukera dauka eta Eusko Jaurlaritzak bestelako interesak alde batera utzi eta herritarren nahia gauzatzekoa”.
Herritarren artean egoeraren aurreko “amorrua eta inpotentzia” sentimenduak agertuz, berriz ere. “Nola liteke Eusko Jaurlaritzak akats ulergaitz hau egitea 2023. urtean? Nola liteke neurri akatsak direla eta proiektu bat berriz ere gelditu eta denon dirua itsasora botatzea?”.
Egoeraren aurrean martxan hasteko deialdia egin dute EH Bildutik. “Maiatzean eginiko herri batzarrean dikea bere osotasunean egingo zela onartu eta indarrak hurrengo fasean ipini behar genituela adostu genuen, hau da, kanpoko ur lamian zer egin zitekeen erabakitzeko, parte hartze prozesua bultzatuko genuela, adostutako herri ereduari lotuz”. Orain, eman beharreko pausoak zehazteko kideen arteko herri batzarra deitu dute abenduaren 21ean, 19:15ean, Zabiel kultur etxeko ganbaran.