Gastronomia eta kirola uztartuko ditu Mutrikuko Santo Tomas Egunak
Bertoko produktuak eta artisauak hartuko dute Goiko Plaza zapatuan [abenduak 16]. Domekan [abenduak 17], berriz, Gipuzkoako Herri Kirol Txapelketa lehiatuko da eta Mutriku Sokatira taldeko hiru kide ariko dira plazan.

Santomasetako ospakizunetan murgilduko dira asteburuan mutrikuarrak. Ohi legez, azoka eta kirola uztartuko dituzte eta aukera aparta izango da bertoko produktuez gozatzeko.
Goiko Plaza jantzita egongo da goizetik. 10:00etan azokaren irekierarekin batera nahi adina aukeraz gozatzeko unea edukiko dute bertaratzen direnek. Karpa handian bertoko produktuez gozatzeko aukera egongo da, esneki, gazta, esti… denak ala denak kalitate ezin hobekoak: Ekoalboraz, Uxue Antia, Goienetxe gazta, Ondare, Zortziko, Mañeko, Lizagasar, Santa Klara esnekiak eta Goxart egongo dira.
Karpa txikian, ostera, artisauak egongo dira, ohiko izenak eta berriak uztarturik: Amaia Aberasturi, Mikkota art, Amaiur, Lamiuna, Zabiel eskulan taldea, Egoitz Iñarrairaegi, Musika Eskola, Magukaz, Biobizi eta Xabier Illarramendi.
Mutriku Sokatira taldeko hiru kide arituko dira lehian: Urdax Agirregomezkorta, Unai Goitia eta Jabier Urresti.
Ekoizle eta artisauen eskaintzaz gain, azoka guztietan ilara luzeak sortzen dituzten Ataungo talogileak egongo dira tradiziozko jakia eskaintzen. Herritarrek ere ez dute hutsik egingo; Mutriku BHIko taldeak eta Mutriku Sokatira Taldeak ere postuak izango dituzte. Gainera, animaliek ere txokoa izan ohi dute Santo Tomas azokan eta aurten poniak, mandoak, ardiak, hegaztiak etabar egongo dira: Idurre Lersundi, Ibiri, Saka eta Aritz Arizmendiren eskutik.
Eguerdian, ostera, jai giroa alaitzeko asmoz Trikitixa taldearen kalejira abiatuko da eta gauean ere zereginik ez da faltako herrian, Abendurocken galdu ezinezko hitzorduaren unea izango baita: MRK gaua.
Zapatuko ospakizun egunaren ostean, domekan [abenduak 17] gizonezkoen mailako Gipuzkoako Herri Kirol Txapelketa hartuko du Mutrikuko Beheko Plazak: Ingude altxatzea, orga jokoa eta txinga eroatea, zehazki. 12:00etan emango diote hasiera norgehiagokei eta Mutriku Sokatira taldeko hiru kide izango dira plazan: Urdax Agirregomezkorta, Unai Goitia eta Jabier Urresti.
Orga Jokoan lau lehiakide arituko dira: Aimar Galarraga, Xabat Olaizola eta etxeko Goitia eta Agirregomezkorta. Ingude altxatzean, berriz, Gorka Etxeberria, Jon Lapeira eta Goitia plazaratuko dira. Azken txapelketa, ostera, txinga eroatea izango da eta bost lehiakide arituko dira: Jon Unanue, Aitzol Urkiza, Xabat Olaizola, Jon Lapeira eta Javier Urresti.
Ikuskizuna ziurtatuta egongo da eta girorekin osotasunean gozatzeko jan edana ere ez da faltako. Mutriku Sokatira Taldeko kideak Lumagorri pintxoak eskainiko dituzte eta materiala saltzeko puntua ere izango dute. Hortaz, hurbiltzeko deia egin dute taldetik.