Lekittoko Deabruek ez dakite geldi egoten
Joan den eguenean [abenduak 7] 'Mingorri eta deabrua, 10 urteko tratuaren istorioa' liburu aurkeztu zuten. Gabonetarako ere ekintzak antolatu dituzte.
Eskolapeko aretoan aurkeztu zuten joan den eguenean [abenduak 7] Mingorri eta deabrua, 10 urteko tratuaren istorioa liburua Lekittoko Deabruek. Lehen aleak bertan saldu zituzten 10 eurotan eta liburutegiko liburuzainak ipuinaren kontaketa egin zuen eta guzti. Guztira 70 lagun inguru elkartu ziren, umeak batez ere. Aurkezpena “ezin hobeto” joan zela esan dute eta batez ere liburuak harrera “polita” izan zuela adierazi dute Lekittoko Deabruetako kideek.
10. urteurreneko ikuskizunean zein dokumentalean sartu zuten Mingorriren historia eta Lekeition jakin-mina sortu zen. Nor da Mingorri? “Une egokia ikusi genuen bere istorioa azaltzeko eta batez ere euskarri fisiko batean erakusteko, betirako geratuko den nonbaiten. Azkenean, herriko ondarea da eta udalagaz elkarlanean eraman dugu aurrera”. Udalak proiektuarengatik apustu egin duela azpimarratu dute. Aspaldi izan zuten lehendabiziko ideia, baina hainbeste ikuskizunekin ez dute irailera arte buru belarri jartzeko denborarik izan. Helburu argia zuten, Gabonetarako prest izatea, eta baita lortu ere. “Umeentzako opari aproposa eta interesgarria izan daitekeela uste dugu eta bide batez herriko ondarea txikienen artean zabaldu”.
Arrakasta berdinaren bila. Baina liburua ez da Lekittoko Deabruek Gabonetarako prest duten sorpresa bakarra. Umeengan jarri nahi dute arreta beste behin. Abenduaren 26an 17:00etan piroteknia ikastaroa antolatu dute udalagaz batera Lekeitioko eskolan. 8 eta 18 urte arteko ume eta gazteentzako dago bideratuta eta helburu dute gero eta ume gehiago hurbiltzea haiengana. Joan den udan ere horrelako beste ikastaro bat antolatu zuten eta “erabateko arrakasta” izan zen, izen ematea itxi behar izan zuten eta guzti hainbeste umegaz. Horregatik, aurtengoa kopuru mugatu bategaz egingo dute, eta izen ematea laster zabalduko dute.
IKASTAROAN IZENA EMATEKO INPRIMAKIA
Urte “bikain” bateri amaiera emateko modu “oso ona” izan daitekeela uste dute. “Taldea orain oso indartsu dago, inoiz baino gehiago udan hainbeste herritan egon eta gero eta batez ere herritarrengandik jasotako erantzun onagaz, eta dagoeneko hurrengo proiektuak prestatzen gaude”. Abiapuntu berritzat hartu nahi dute aurtengo urtea eta herriko azpikultura horren gorakada eta indarra baliatu nahi dute eta “pauso bat aurrerago” eraman.