Zortzi eremu aztertu dituzte galdetegi eta talde eragile baten bitartez. Hurrengo pausoa hobekuntzak egiteko plana diseinatzea izango da. Udala herritarraren parte hartzeagaz "oso gustura" gelditu da.
Markina-Xemeingo Lagunkoia taldeak galdetegi eta talde eragile bat prestatu zituen herritarren iritziak eta ahotsak batu, eta herri gertukoagoa, irisgarriagoa eta integratzaileagoa izan zedin. Galdetegian parte hartzeko epea amaituta, guztira 200 lagunek baino gehiagok parte hartu dute proiektua diseinatzeko azterketa fasean.
Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkateak azaldu duenez, proiektuaren helburua adinekoekin lagunkoiagoa den herria sortzea da: “Herria prest egotea ez bakarrik irisgarritasun aldetik, baita beraiei eskaintzen zaizkien ekintzen aldetik, edota eskaintzen zaizkien baliabideetatik ere”. Horregatik, galdetegiagaz eta talde eragileagaz eremu fisiko nahiz ez fisikoei begira jarri dira eta horren inguruko azterketa bat egin dute, zortzi eremu aztertuz: aire zabaleko lekuak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, parte hartzea eta gizarte sarea, herritarren parte hartzea eta enplegua, errespetua eta inklusioa, komunikazioa eta informazioa eta gizarte eta osasun zerbitzuak.
Argazkia: Markina-Xemeingo Udala.
Herriko jubilatuez osatutako talde eragileak ere funtsezko zeregina eduki du prozesuan, herriaren “lagunkoitasun mailari buruzko” ebaluazioa egiteko: “Ebaluazioaren ostean, hiru urteko eperako ekintza plan bat garatuko dute, diagnostikaren emaitzetan oinarrituta”. Urte hasieratik hilean behin batu diren arren, diagnostiko fasean indartu egin dituzte bilerak: “Horretarako, aurrez aurreko bi orduko hainbat saio egin dituzte, gai zehatz batzuen inguruan berba egin eta diagnostikoa osatzeko”. Herritarrez gain, gaiaren arabera adituak direnek ere parte hartu dute saioetan.
Azterketaren ostean, hobekuntzak egiteko plana diseinatuko dute, eta gabeziak identifikatu ostean, herria eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz, hobekuntzak proposatuko dituzte: “Herria lagunkoiagoa egitea da helburua”. Adierazi dutenez, jasotako datuak aztertu ostean prest egongo dira hurrengo pausuari ekiteko: “Emaitzen arabera hainbat ekintza proposatuko dira, esaterako: paseoetako bideak hobetzea, osasun zerbitzuak indartzea edota egiten diren ekintza soziokulturalak beraien neurrira ere egitea”.
Eskerrak. Proiektu hau aurrera eramateko, ezinbesteko motorra izan dira bai herritarrak eta baita Bizipoz Elkartea ere: “Herritarren erantzunarekin oso gustura gelditu gara, ez genuen espero horrenbesteko parte hartzea. Horrez gain, Bizipoz Elkartean asko lan egiten dute adineko jendearekin, zahartzaro aktiboa bultzatzeko, eta oso pozik aritu gara beraiekin lanean”. Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartzaile guztiei, “Markina-Xemein elkarlanean eraikitzen laguntzearren”.