Bizi-bizi dator Mutrikuko 19. Abendurock jaialdia
Barikuan [abenduak 15] emango diote hasiera Mutrikuko Rock Kolektiboak antolatutako jaialdiari: Soa, Asgarth, Ezpalak, Rodeo, Painapple eta Mäte taldeak igoko dira Gaztetxeko agertokira.
Egun batzuk besterik ez dira falta Mutrikuko Gaztetxea astintzen duen egitasmoari ekiteko, urte luzez musika zaleen hitzordu ukaezina bilakatu dena: 19. Abendurock jaialdia. Hiru asteburutara mugatu dute aurtengo egitaraua, baina horrek ez du kalitatean eragingo, indartsu dator hemeretzigarrena ere. Ohi legez, etxeko taldeak eta kanpokoak uztartuko dituzte: Soa, Asgarth, Ezpalak, Rodeo, Painapple eta Mäte taldeak izango dira eszenatokira igoko direnak.
Lehenengo hitzordua Mutrikuko Santo Tomas eguneko bezperan [abenduak 15] izango da eta Zestoako bi talde hartuko ditu Gaztetxeak: Ezpalak eta Rodeo. “Lehenak, beharbada, entzute handiagoa izan lezake, baina bigarrena ere ez da atzean geratzen. Aurreko urtean, Galizian urtero ospatzen den Resurrection Fest nazioarte mailako festibalean parte hartu baitzuen”.
“Gaztetxeak eztanda egingo du, batez ere, oholtzaratuko den lehen taldearen izenagatik eta bigarren taldeak eragingo duen leherketagatik”.
Santo Tomas Egunean [abenduak 16], ostera, herritarrentzat “gaurik berezienari” ekingo diote, oholtza herritarren plazerari bide emateko leku bilakatzen duen MRK gaua. “Dakizuen bezala, egun horretan, MRK-ko kideak ez zareten herritarrok ere aukera duzue MRK-ko kideekin batera edo zeuen kontura kontzertua emateko. Ea aurten nortzuk animatzen diren oholtza gainera igo eta gaua berotzera”. Zehaztu dutenez MRKko kideak ez diren herritarrek ere kontzertua emateko aukera dute, beri ere, aurretiaz kideren bati esan edo mrktarock@gmail.com helbidera idatzita.
Metal zaleek ere haien gaua izango dute, eta ez da edozelakoa izango, abenduaren 22an Abendurockeko gaurik indartsuenari helduko diote. “Metal zaleentzat ezinbesteko hitzordua; ahots melodikodun metal taldetik hasi eta ahots urratuko metal gordinagora jauzia egingo dugu. Gaztetxeak eztanda egingo du, batez ere, oholtzaratuko den lehen taldearen izenagatik eta bigarren taldeak eragingo duen leherketagatik”. Asgarth Donostialdeko taldea igoko da oholtzara, eta ostean, Mutrikuko talde berri baten txanda izango da: Soa. “Gogotsu dator herriko boskotea. Laster ikusiko du argia euren lehen aurrerapen abestiak; eta diskoa, ziurrenik, 2024ko lehen hiruhilekoan kaleratuko dute”.
Urtero legez sarrera borondatea izango dela zehaztu dute, baina atzean dagoen lanari buruzko hausnarketa erdigunean jarrita.
Abendurockeri behar adinako amaiera emateko abenduaren 29an Gipuzkoako bi talde igoko dira oholtzara, “punka eta ahalduntzea” lotuz. Batetik, Debabarrenatik datorren Painapple pop-punk taldea, “Blink 182, Sum 41 eta antzekoen eragina nabari da euren abestietan”. Bigarren taldea, ostera, punka eta hardcorea egiten duen Zarauzko laukotea izango da. “Era bateko edo besteko eraginekin eta estiloekin uztartuta, baina punk estiloak batzen dituzte bi taldeek”, eta kasu bietan emakume baten ahotsa da gidaria.
Sarrera borondatea. Urtero legez sarrera borondatea izango dela zehaztu dute, baina atzean dagoen lanari buruzko hausnarketa erdigunean jarrita. “Ea non ikusten dituzuen horrelako kontzertuak edo horrelako egitarau bat borondate truke”.
“Hutsaren truke jotzera animatzen dira, normalean jasotzen dutenarekin alderatuta”.
Hain zuzen ere, hilabete luzez buru berri ibiltzen baitira MRKko kideak, “kontzertuak ematera datozen musikariei ahalik eta tratu onena ematen” ahaleginduz. 19 urtez egindako ibilbideari esker du Abendurockek izena eta izana, eta lanari esker lortzen dute izen handiko taldeak herriratzea. “Hutsaren truke jotzera animatzen dira, normalean jasotzen dutenarekin alderatuta”. Elkarlaguntza oinarri hartu eta “herriko musika elkarteak abenduko gau hotzak berotzen” jarraituko du, udalaren laguntzari eta antolatzaileen eta ikus entzuleen borondateari esker.
EGITARAUA
- Abenduak 15, 22:30, Ezpalak eta Rodeo.
- Abenduak 16, 22:30, MRK gaua.
- Abenduak 22, 22:30, Asgarth eta Soa.
- Abenduak 29, 22:30, Mate eta Painapple.