Eguzkik Mijoa errekaren saneamendu falta salatu du
Gogorarazi nahi izan dute arazoa konpontzeko aurrera pausorik ez dela eman eta errekaren egoerak bere horretan jarraitzen duela.
Urtea amaitzeko aste gutxi geratzen direnean Eguzki Talde Ekologistak Mutrikuko Saturraran hondartzan itsasoratzen den Mijoa errekaren saneamendu falta salatu du. “Aurten ere saneamendu zantzurik ez dagoela salatu behar dugu, zoritxarrez, jada eguberriko klasiko bat bilakatu da salaketa”.
Maiatzean, udal hauteskundeen testuinguruan, Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburuak eta Antonio Aiz Ura agentziako zuzendariak Mutrikura egindako bisitan esandakoa gogorarazi nahi izan dute: “Ion Gambra EAJko alkategaia babestera etorri zirenean, zera entzun ahal izan genuen, Mijoako saneamendu proiektua eta horrekin lotuta dagoen bidegorria lehenbailehen gauzatu behar zirela, eta agintaldi berrian Mutrikuko alderdi jeltzalearen lehentasuna izango zirela”. Gaiari buruz albiste gehiagorik ez dutela jaso zehaztu dute: “Baina, lasai, laster hauteskunde kanpaina berri bat izango dugu, oraingoan, autonomikoena”.
Urte luzez luzatzen ari den, eta konponbiderik eman ez zaion, arazoa dela gogorarazi nahi izan dute. “2007an herri erakundeek elkarren artean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat izenpetu zuten. Horren arabera, Mijoako saneamendua 2011rako martxan egon behar zen, baina urteak pasatzen joan dira eta promesa guztiak alferrikoak izan dira”. 2021eko otsailean, ostera, saneamendu proiektuaren idazketa lizitatu zuen Ura agentziak.