Heldu da Andraetxea herriari aurkezteko eguna
Lekittoko Mugimendu Feministiak Andraetxearen aurkezpena egingo du barikuan [abenduak 15], 18:00etan, Ikusgarri zine aretoan.
Lekittoko Mugimendu Feministiari heldu zaio orain arte egindako bidea herriari aurkezteko unea. Barikuan [abenduak 15], 18:00etan, Ikusgarri zine aretoan jarri dute hitzordua, eta herritar guztiei bertara joateko deia luzatu diete.
2023a garrantzitsua izan da Lekittoko Mugimendu Feministiaren denbora lerroan. Martxoan sartu ziren lehenengoz behin betiko Andraetxea izango zen eraikinera, eta ordutik, Ujika izeneko prozesu parte hartzaile batean murgilduta egon dira, hiru fasetan banatuta: irudikatzea, eztabaidatzea eta erabakiak hartzea. Prozesuko azken fasea, erabakiak hartzea, urriaren 21ean egin zuten, eta behin hiru faseak amaituta, herriari orain arteko bidea aurkeztu eta hemendik aurrerako ibilbidea zein izango den azaldu nahi diete: “Barikuan herriari aurkeztu nahi dizkiogu gure erabakiak zeintzuk diren eta Andraetxea zertarako datorren. Orain artekoak ez bezala, ekitaldia mistoa izango da: herri guztiari eragiten dion proiektua denez, lekeitiar guztiei aurkeztu nahi diegu”.
Ujika prozesuaren ostean korapilo batzuk askatuta, beste batzuk ez, urtarrilean Andraetxea martxan jartzeko asmoa dute, eta horretarako ezinbestekoa izango da herritarren parte hartzea.