Badator Musikaiaren Gabon kontzertua, ia 300 partaidegaz
Martitzenean [abenduak 19] bi emanaldi eskainiko dituzte: 17:30ean eta 19:30ean. Etorkizuna Dantza Taldekoak eta Uzupirouette Dantza Taldekoak ere bertan egongo dira
Ikasturte bizi-bizia izango da aurtengoa Musikaia Musika Eskolako kideentzat, izan ere, 10. urteurrenaren baitan, hilabetero ekintza bat antolatzen ari dira irailetik. Abendukoa datorren martitzenean [abenduak 19] izango da, Andra Mariaren Zeruratzea Parrokian.
Gabon kontzertua eskainiko dute musika eskolako ikasleek, eta jende pilaketak saihesteko bi emanalditan banatu dituzte kontzertuak. Ikasle gaztetxoenen hitzordua 17:30ean izango da: “Bertan egongo dira, esaterako, koral txikiko umeak, musika tailerreko ikasleak eta talde txikiak. Bai gazteen saioan eta baita nagusienean ere, gabonetako errepertorioaz gain, orain arte ikasitako bestelako kantuak ere joko dituzte”.
Nagusien emanaldia, berriz, 19:30ean izango da. Musika eskolako ikasleez gain, herriko Etorkizuna Dantza Taldekoak eta Uzupirouette Dantza Taldekoak ere bertan egongo dira: “Ikasturteko ekintza askotan saiatu gara herriko musika talde edo bestelako kultur taldeak gurekin parte hartzera gonbidatzen, elkarrekin ospatu ahal izateko 10. urteurrena”.
Sarrera beharrik barik, herritar guztiak gonbidatuta daude Musikaiako kideen Gabon kontzertura: “Honekin ikasturteko lehenengo hiruhilekoari amaiera emango diogu, eta gabonetako oporrei hasiera. Ia 300 ikaslek parte hartuko dute emanaldian, eta denak daude ilusioz. Orain arteko ekintzekin oso pozik gaude, bai ikasleen parte hartze aldetik, eta baita gurasoen eta herritarren erantzunaren aldetik ere. Eta, nola ez, oso eskertuta gaude orain arte gurekin parte hartu duten talde eta elkarteekin ere”.