Zinema: herritik, herriarentzat
Zinema ikusteko toki "naturala" zinema dela diote Lekeitioko Zinemazale Elkartekoek, eta ideia horren atzetik, 10 urte bete dituzte Ikusgarri zinema aretoa bizipen ahaztezinez betetzen.
Begirada atzera bota, eta duela hamar urteko mundua irudikatuz gero, Lekeitioko Zinemazale Elkartearen nahia eta gogoa ulertzeko bidea errazagoa da. Garai hartan Ikusgarri zinema aretoa kudeatzen zuen Fides Nortes enpresak erabaki zuen analogikotik digitalera salto egiteko beharrezkoa zen 50.000 euroko inbertsioa ez zela errentagarria: “Lekeition hiru zinema areto zeuden lehen. Fides Nortesek herriko azken zinema ixtea erabaki zuenean, zerbait egitea erabaki genuen”.
Halaxe elkartu ziren lau zinemazale, 2013an, “proposamen bat prestatu eta kaleratzeko asmoz”. Urte bereko irailean hasi ziren dena martxan jartzen: “500 bazkide birtual behar genituen, itzuli beharrik gabeko 100 euro emateko prest egon behar zirenak, eta noski, ez zen erraza”. Hala ere, baiezkoaren bila joateko asmoz, proposamena prestatu eta Eskolapean egon ziren bi hilabetez, parte hartzeko prest egongo liratekeen herritarren izenak batzen.
Eta orduan heldu zen ezustekoa: “532 lagun lortu genituen, gure helburua 500 zenean. Zenbakiak ikusita, udaletxean batzartu ginen, eta udala prest egon zen bide honetan laguntzeko”. Hala, Fernando Garatea, Alazne Zabala, Marian Gezuraga eta David Madarieta elkartu, eta Lekeitioko Zinemazaleen elkartea osatu zuten. 10 urtek askorako ematen dute, eta gaur egun hasierako talde hartatik zuzendaritza batzordean jarraitzen duen bakarra Madarieta da, Andoni Vacas, Ibon Larreategi eta Koldo Lenizegaz batera.
Filmeen proiekzioaz gain, urtean 11 kultur ekintza antolatzen ere saiatzen dituzte
Tartean urte zailak egon diren arren, pandemia bat tarteko, zinemazaleek “inoiz” ez dute aretoa ixteko zalantzarik eduki: “Gu ez gara enpresa bat, eta ez dugu etekinik bilatzen, gastuak estaltzeagaz nahikoa da guretzat. Hala ere, elkarte garen heinean ez dugu zorrik egin nahi”.
Zinema lehentasun. Zinema aretoari martxan eusteko gogo biziari tiraka, 10 urte horietan ez da aldatu elkartekoen lehentasuna: zinema. Hala ere, lehenengo bi urteetan etekin apur bat lortu zutenez, kulturan erabiltzea erabaki zuten. Horrela, 2015ean “era apalean” hasi ziren kultur ekintzak antolatzen: “Mikel Urdangarin eta EƱaut Elorrieta ekarri genituen. Aretoa bete egin zen, eta jendea oso gustura geratu zen”.
Herritarren erantzun ona ikusita, gaur egun urtean 11 kultur ekintza antolatzen dituzte: “Udalak ematen digun diru laguntzagaz antolatzen ditugu ekintzak, eta oso erantzun ona dute guztiek. Filmeekin bezala, kultur ekintzekin ere anitzak izaten saiatzen gara”.
2013tik ez dituzte sarreren prezioak igo, zinemazaletasuna sustatzeko asmoz
Sustraiak egonkortuz. Udalaz gain, bazkideak eta ikusleak dira zinemazaleen lana egonkortzen dutenak. 50 euroko ordainketa bakar bategaz, bazkide izan daiteke edonor, eta horri esker, beste hainbat abantailaren artean, sarrera 6 euro ordaindu beharrean, 4 euro ordainduko lituzke: “Gaur egun, 740 bazkide dauzkagu. Gure gastuak ordaindu ditzakegun bitartean ez dugu kuotarik jarriko, ordainketa bakar bategaz nahikoa da”.
Izan ere, zinemazaleek argi daukate “zentzu guztietan” zinema bultzatzen jarraitu nahi dutela, gaur egungo ikus-entzunezkoen munduan “oso zaila” den arren: “Biharko zinemazaleak izango dira gaur umeen zinema emanaldietara etortzen diren gaztetxoak”. Nahi horren isla zuzena da, hain zuzen ere, hamar urtean sarreren preziorik igo ez izana ere: “Bizi garen garai honetan, ikuslegoa berreskuratu nahian gabiltzan garai honetan, eragozpen handia litzateke prezioak garestitzea eta, beraz, ahal duguneraino horrela jarraituko dugu”.
Babesagaz, loratuz. Herriko zinema aretoa bizirik mantentzeaz gain, aretoa txukuntzeko egin dituzten lanak ere ez dira gutxi izan, eta oraindik ere horretan jarraitzeko gogo bizia dute: “Baliabide asko eguneratu egin nahi ditugu. Horrez gain, kultur ekintzak ere antolatzen ditugunez, aretoak balioaniztuna izatea nahiko genuke”.
Ezer ez jakitetik, zinema areto baten kudeaketa guztia ikastera pasa ziren elkarteko kideak, eta hamar urtean herriko nahiz inguruko jende ugari pasa da bertatik: “Oso pozik gaude bai hamar urte hauetan herriak eta Lea-Artibaiko eskualdeak emandako erantzunagaz eta baita udalak eskaini digun laguntzagaz ere. Hamar urte pasa dira, eta nik beti esaten dut: lanean jarraitzen dugu, lan hau gustatzen zaigulako. Musutruk egiten dugu, bai, baina gustura. Beraz, ilusio hori daukagun bitartean, aurrera jarraituko dugu”.