Bi txapel eskuratu ditu Mutriku Sokatirak Gipuzkoako Herri Kirol Txapelketan
Domekan [abenduak 17] Mutrikuko Beheko plazak hartu zuen Gipuzkoako Herri Kirol Txapelketa : Jabier Urrestik eta Unai Goitiak txapelak eskuratu zituzten.
Herri kirolen lehiarako plaza izan zen Mutrikuko Beheko Plaza domekan [abenduak 17]. Giroa lagun, herritarrak hurbildu ziren plazara lehiaren ikuskizunagaz gozatu eta Mutriku Sokatira Taldeko kideei babesa emateko. Orga jokoa, txinga eramatea eta ingude altxatzea izan ziren lehiatutako txapelketak: hirutik bi txapel etxean geratu ziren.
Orga jokoan Unai Goitia Mutriku Sokatira taldeko aulestiarrak eskuratu zuen 6 itzuli eta 2,36 metro eginda. Bigarren sailkatua ere etxekoa zen, 5 itzuli eta 2,17 metro eginda Urdax Agirregomezkorta igo zen podiumera. Hirrugarren sailkatua, Xabat Olaizola izan zen 4 itzuli 1/2 eta 2,77 metro eginda, eta laugarren sailkatua, ostera, Aimar Galarraga 3 itzuli 1/4 eta 1,30 metro eginda.
Txinga eroatean nagusitasun osoz eskuratu zuen lehenego postua Mutriku Sokatirako Jabier Urrestik 13 plaza osatuta. Bigarren sailkatua, 11 plazarekin, Jon Unanue izan zen eta Xabat Olaizolak osatu zuen podiuma, 9 plaza 3 zinta eta 3,57 metro eginda. Laugarren sailkatua, Mutriku Sokatirako Aitzol Urkiza izan zen 7 plaza eta 6,02 metrorekin. Bosgarrena, ostera, Jon Lapeira izan zen 5 plaza 17 zinta eta 3 metro osatuta.
Azken lehia, Ingude altxatzea izan zen eta Gorka Etxebarria nagusitu zen 84 jasoaldirekin. Bigarren sailkatua, 80 jasoaldirekin Jon Lapeira izan zen, eta podiuma Unai Goitiak osatu zuen, 79 jasoaldirekin.