Ezustekorik ez, faboritoek egin dute aurrera Berriatuko Banakako Txapelketan
Zapatuan [abenduak 16] jokatu zituzten lehendabiziko final-laurdenak emakumezkoetan zein gizonezkoetan.
Faboritoek ez dute ezusterako tarterik utzi Berriatuko zesta-puntako Banakako Txapelketan, eta finalaurrekoetan sartu dira. Zapatuan [abenduak 16] neskek lehen aldiz jokatu zuten Banakako Txapelketa. Aurkezpenean faboritoen artean ateratako izenetako bik jokatu zuten eta ez zuten arazo handirik izan finalaurrekoetan sartzeko.
Arai Lejardi 2-0 gailendu zitzaion Eneritz Lizardiri. Bigarrenak hasi zuen hobeto partida 3-5 aurreratuz, baina markina-xemeindarrak markagailua iraultzeko gaitasuna erakutsi zuen eta azken tantoetan hutsegite gutxiago egin zituen: 12-9. Bigarrenean hasieratik nagusitu zen atzelaria 8-1 aurreratu zen, baina Lizardi hiru tantora hurbildu bazen ere, 12-7 nagusitu zen.
Ihart Arakistarinek ere gogotik egin behar izan zuen lan lehen setean Gogenola 10-5 galtzen joan bazen ere 10-10 berdinketa lortzeko gai izan zen, baina azken bi tantoak Arakistainen aldekoak izan ziren. Bigarren setean ere 6-4 aurreratzetik 10-4kora alde egin zuen, azkenean 12-6 irabaziz.
Gizonezkoen lehendabiziko final-laurdenekoan, Aritz Erkiaga egungo txapeldunak Mikel Manziren erritmo handiagoa nabaritu zuen hasieran. Mutrikuarrak aurre kanporaketa bi jokatzetik zetorren, eta lehen setean ispastertarrak estutu behar izan zuen. 0-3 aurreratu zen atzelaria, 9-8 buelta eman zion txapeldunak 12-10 irabazteko. Bigarrenean abiadura hartuta 4-0 aurreratu zen Erkiaga 12-5 gailendu arte.
Zalantza barik partidarik berdinduena Julen Del Rio eta Cosme Agirreren artekoa izan zen, 2-1 irabazi zuen atzelariak. 11-12 gailendu zen lehendabizikoan zumaiarra eta 12-11 gasteiztarra bigarrenean. Hirugarren eta azken seta ere ezin berdinduagoa izan zen, 5-4 irabazi zuen Del Riok.
Partidak:
- Abenduaren 23a:
- Aimar-Johan, Lopez-Ladutxe, Maite-Sorozabal eta Erika-Maialen
- Abenduaren 29a:
- Finalaurrekoak
- Urtarrilak 5:
- Finalak (EITB bidez)