Mutrikuko eta Ondarroako ikasleen lanak saritu dituzte Beldur barik lehiaketan
Emakundek gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko bultzatutako programaren barruan dago topaketa. 'Heldu da hegan egiteko ordua' eta 'Arimak' lanek sariak jaso dituzte.
Beldur Barik 2023 Topaketak nesken ahalduntzea bultzatzea eta gizonezkoen pribilegioak zalantzan jartzeko tailerrak, elkarretaratzea eta sari banaketa hartu zituen. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria egon ziren ekitaldian.
Beasaingo Usurbe Antzokian ospatu zen topaketa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nerabe eta gazteen parte hartzearekin, eta Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketan Ondarroa eta Mutrikuko ikasleen lanek sariak zituzten, baita, Donostia, Bilbo eta Tolosako ikastetxeetako ikasleen lanek ere.
Emakundek gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko bultzatutako programaren barruan dagoen topaketa tailerrekin abiatu zen, zehazki, nesken ahalduntzea bultzatzea eta gizonezkoen pribilegioak zalantzan jartzeko helburuagaz hainbat gai jorratu zituzten. Horrez gain, indarkeria matxista gaitzesteko elkarretaratze batean parte hartu zuten.
300 lan jaso ditu aurten Beldur Barik lehiaketak eta horietatik 220 izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko, “gehienak taldean aurkeztu dira”. Hiru kategoriatan banatu dituzte sariak. Lehenengo kategoria (12 eta 13 urtekoak) Denok berdinak gara izan da irabazlea, Donostiako BHI Antigua Luberri taldearena.
Bigarren kategoria (14 eta 18 urte bitartekoak), izan da parte hartzaile gehien jaso dituena, zehazki, lanen %70a. Jasotako lanen artean Mutrikuko BHIko ikasleen Arimak lanak irabazi du lehenengo saria. “Ikusezintasunetik borrokatu duten emakumeen genealogiaren bidez hunkitzeko duen gaitasunagatik. Bere kalitate teknikoak ekoizpen artistiko onenaren saria ere merezi izan du”.
Kategoria horretako aipamen berezia, ostera, Ondarroako Heldu da hegan egiteko ordua lanarentzat izan da, “nerabeek gizarte matxista batean dituzten ziurgabetasunak transmititzea lortu duelako”.
Hirugarren kategorian (19 eta 20 urtekoena), Emakumeen eguneroko borroka izan da lan irabazlea, “emakumeek matxismoaren aurka duten eguneroko borroka umorez adierazi duten Elgoibarko ikasleena”.