Bizkaiko Golkoko antxoa, duela 30 urtekoa baino txikiagoa
Aztiren ikerketaren arabera, txikiagoak izateaz gain, antxoa ale helduek forma lerdenagoa hartzen dute. Frogen arabera, tamaina txikitzea Bizkaiko Golkoko klimaren aldaketaren adierazle izan daiteke.
Azti zentro teknologikoak Bizkaiko Golkoko antxoaren tamaina txikiagoaren ebidentzia zientifikoen hiru hamarkada –1990etik 2021era – biltzen dituen azterketa berri bat plazaratu du. Azterketaren emaitzak Global Change Biology aldizkarian argitaratu dituzte. Ikerketak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikaren Sailaren, eta Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren laguntza izan du. Gainera, Europako LIFE Urban Klima 2050 eta SEAWISE proiektuen babesa ere jaso du.
Europako antxoa helduen batez besteko neurria eta pisua nabarmen jaitsi direla ondorioztatu dute adituek; izan ere, txikiagoak izateaz gain, antxoa aleek forma lerdenagoa ere hartzen dute. Fernando Taboagak, Aztiren lanaren egile nagusietako batek, adierazi duenez, “pisuaren murrizketa luzera osoarena baino handixeagoa da, azken hogei urteetan baino murrizketa-tasask azkartu egin baitira hamarkada bakoitzeko %25eraino”.
Europako antxoa-populazioetako indibiduoak handiagoak izaten dira itsaso hotzenetan
Aldaketak itsasoko tenperatuak handitzearekin lotzen badira ere, ikerlariek ingurumen-faktoreen elkareragin konplexua iradokitzen dute, arrantza-presioak eragin adierazgarria izatea baztertzearekin batera. “Antxoa ugariagoa den heinean, aleak txikiagoak dira, baina populazio-dentsitatearekiko erlazio hori ez hain argia etapa aurreratuagoetan, non tenperatura izan baita tamaina txikitzeko arrazoi nagusia”, adierazi du Guillem Chust-ek, ikerketaren egileetako batek. Ur beroagoetan bizi diren arrain gazteen hazkuntza ur hotzagoetan jaiotakoena baino bizkorragoa izan ohi dela azpimarratu du: “Hala ere, tenperatura altuagoak gerorako garapena geldiarazten du, eta, hala, helduek gorputz tamaina txikiagoa hartzen dute”. Adituen esanetan, tenperatura-neurria erregela izenez ezagutzen da – TSR, ingelesez –.
Uraren tenperatura aldatzean arrainen tamaina zelan aldatzen den ebaluatzeko, ikertzaileek bi hipotesi ekogeografiko berretsi dituzte. Lehenak, erlazio estuak dituzten espezieak konparatzean ur hotzeagoetan bizi diren arrainak handiagoak izan ohi direla ezartzen du. Bigarrena, berriz, espezie bereko beste populazio batzuetan oinarritzen da. Aztik egindako lanaren arabera, Europako antxoa-populazioetako aleak handiagoak izaten dira itsaso hotzenetan.
Aztik azpimarratu duenez, “ezinbestekoa da zuhurtziaz jardutea, ikerketa behaketetan oinarritzen baita eta mugak baititu”. Froga osagarriek diotenez, “antxoaren tamaina txikitzea Bizkaiko Golkoko klimaren aldaketen eta ekosistemaren funtzionamenduaren erantzunaren adierazle izan daiteke”.