Elikagaien xahuketaren inguruko jardunaldia egin dute Lea Artibai Ikastetxean
Elikagaiak alferrik galtzeak ekartzen dituen ondorioak eta aurre egiteko hainbat gako azaldu dituzte. Lanbide Heziketako bost ikastetxetako 130 ikasle inguruk parte hartu dute jardunaldian.
Lea Artibai Ikastetxeak elikagaien xahuketaren inguruko jardunaldi espezializatua egin zuen pasaden barikuan [abenduak 15]. Jardunaldian “elikagaiak alferrik galtzeak” dakartzan arazoak azertu dituzte, eta arazoari aurre egiteko gakoak eta ekimenak aurkeztu dituzte.
Txurdinaga, Zabalburu, Derioko Nekazaritza Eskola, Elgoibarko Meka eta Galdakaoko Ostalaritza Eskolako 130 ikasle inguru bildu ziren bariku goizean Lea Artibai Ikastetxeko auditorioan, arazoaren inguruan lanean dabiltzan adituei entzuteko. Hizlari lanetan aritu ziren Iratxe Olazaran Leartiker zentro teknologikoko elikagaien diseinuaren espezializazioko ikerlaria, Antton Alza Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioko teknikaria eta Goizane Lizarralde eta Natalia Urdanpilleta Okin enpresako I+G eta marketin arduradunak.
Hitzaldiagaz hasi aurretik, parte hartu zuten bost ikastetxeek elikagaietako laborategiak eta Lea Artibai Ikastetxeko planta pilotua bisitatu zituzten. Ostean, Alzak mundu mailan sortzen diren hondakin kopuruen datuak eman eta horren ondorioak azaleratu zituen. Azaldu zuenez, munduan ekoizten den elikagai kopuruaren herena xahutu egiten da eta xahuketa hori, gainera, 2050. urterako handitu egingo dela azpimarratu zuen, biztanleriaren hazkundearen ondorioz.
Olazaranek, berriz, Circularferm proiektua aurkeztu zuen. Elikagaiak elaboratzeko prozesu batzuetan sortzen den elikagai hondakinei beste bizitza bat emateko proiektua da. Gazta egitetik eratorritako gatzura, sagardoa egiteko erabiltzen den sagarraren mamia eta arrain bazterkinak oinarritzat hartuz, hiru produktu aurkeztu zituen: graduazio alkoholiko txikiko edariak, sukaldatzeko erabiltzen diren umami zaporeko arrain saltsak eta pastak.
Hitzaldiagaz amaitzeko Lizarraldek eta Urdanpilletak hartu zuten hitza, eta Okin enpresan garatzen ari diren MIKOKIN proiektua aurkeztu zuten. Proiektuaren helburua bezeroak baztertutako produktu guztiaren %40a berrerabili ahal izatea da.
Jardunaldiagaz amaitzeko, ekonomia zirkularretik eratorritako hainbat produktu dastatu ahal izan zituzten ikasleek. Es-Imperfect enpresaren eskutik “itxura kanon perfektuak betetzen ez dituzten” fruta eta barazkiekin egindako pateak dastatu zituzten, eta Okin enpresaren eskutik, aldiz, MIKOKIN proiektuan egindako ogiak probatu zituzten.