Lekeitioko Andraetxearen aurkezpenak 150 lagunetik gora elkartu ditu
Barikuan [abenduak 15] egin zuten aurkezpena, eta Lekittoko Mugimendu Feministiako kideak "gustura eta hunkituta" daude herritarren erantzunagaz.
Lekittoko Mugimendu Feministiako kideek, hainbat hilabetetako prozesuaren ostean, barikuan [abenduak 15] aurkeztu zuten Andraetxea herrian. Ikusgarri Zine Aretoa goraino beteta, 150 lagun baino gehiago elkartu ziren aurkezpenean.
Martxoan lehenengoz Andraetxea izango den eraikinera sartu zirenetik Ujika izeneko prozuan lanean egon dira herriko 60 emakume inguru. Aretoa beteta, herritarren erantzunagaz “gustura eta hunkituta” daude Lekittoko Mugimendu Feministiako kideak.
Prozesuko azken fasean hartutako erabakiak herriari aurkeztean gain, hemendik aurrera zer datorren ere azaldu nahi izan zuten: “Urtarrilean asanblada egingo dugu, urteko helburuak finkatzeko. Ostean, bazkidetzen bitartez Andraetxea zabaltzen hasiko gara”. Bazkide izateko bi bide zabaldu dituzte: euren web orrialdearen bitartez edo Andraetxeko buzoian norbere datuak utzita.
Hori izan zen erabakitako puntuetako bat: “Andraetxea autogestionatua eta autonomoa izango da, eta bazkideen bitartez zabalduko dugu”. Bazkideetako bakoitzak bi txanda, bi arratsalde, egin beharko ditu urtean: “Asmoa da asteazkenetan eta ostegunetan irekitzea Andraetxea. Txanda egiten duenak erabaki ahalko du txanda zabaldu soilik egingo duen, edo zerbait antolatu nahi duen”.
Erabakiak. Ujika prozesua irudikatzeko masusta edo masustaren sasiaren irudia erabili dute feministek: “Udaberrian hasi ginen eztabaidan, eta hor loratu egin ginen, petaloak sortu ziren. Petalo bakoitza eztabaidatzeko gai desberdin bat izan da. Masusta sasiaren fruitua da, eta gu hortik gatoz ikusezintasunetik edo”.
Hiru petalotan banatu zituzten hartu beharreko erabakiak: helburuak eta printzipioak, kudeaketa eredua eta finantzazioa eta espazioaren antolaketa. Lehenengo petaloagaz batera, besteak beste, Andraetxea espazio askea izango dela eta herri feminista lortzeko tresna dela erabaki zuten: “Emakumea seguru sentitzeko erreferentziazko gunea”.
Horrekin batera, Andraetxea nolakoa izango den ere erabaki zuten: adierazgunea, filosofiarako gunea, ikasteko gunea, ahalduntzeko balioko duen gunea, norbere gorputza ezagutzeko gunea…
Bigarren petaloagaz berriz, urtean asanblada bat egiteko erabakia hartu zuten, eta baita aldatuz joango den talde motor bat egotearen beharra ere, esaterako, txanden jarraipena egin eta udalarekin hartu emana lantzeko.
Hirugarren eta azken petaloagaz, solairu bakoitzean egin daitezkeen ekintzak erabaki zituzten eta baita mutilak ezingo direla Andraetxera sartu ere, “espazio seguru bat bermatzeko helburuagaz”. Hala ere, prozesu luze honetan hainbat erabaki hartu dituzten arren, beste hainbat hartu gabe utzi behar izan dituzte eta horien artean dago “emakume* aniztasuna” lantzea ere.