Irakin film labur Txapelketa antolatu du Mutrikuko Gaztetxeak
Urtarrilaren 3a izango da lanak bidaltzeko azkenengo eguna. Agertu beharreko elementu bat eta iraupena izan dira zehaztu dituzten ezaugarriak.
Mutrikuko Gazte Asanbladak lehenengo Irakin Korto Txapelketa antolatu du, kamerak eskuan hartu eta parte hartzeko gonbidapena luzatuz; urtarrilaren 3a izango da lanak bidaltzeko azkenengo eguna.
Asanbladatik bultzatutako ekimena aisialdi proposamena zabaltzeko asmoz etorri da: “Kurtso hasieratik saiatu gara beste aisialdi proposamen batzuk eskaintzeko ahalegina egiten Gaztetxetik. Esaterako, duela pare bat aste xake lehiaketa egin genuen eta erantzun ona izan zuen”. Hortaz, beste proposamen batekin datoz orain, film labur lehiaketa. “Film labur lehiaketa aukera ona izan zitekeela ikusi genuen. Emanaldi egunean ere espazio bat sortzeko aukera ekarri dezakeelako, parte hartzaile eta ikusleen artean giro polita eraikiz”.
Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 3a izango dute epemuga eta mutrikukogaztetxia1@gmail.com helbidera bidali beharko dira lanak, mp4 formatuan eta horizontalean grabatuta. Gaiari dagokionez ez dute mugarik jarri baina bi xehetasun zehaztu dituzte: elementu bat eta iraupena. “Ez genuen mugarik jarri nahi gai konkretu batekin. Baina abiapuntu bat behar zenez, agertu beharreko objektu bat aukeratu dugu, labur lehiaketaren izenarekin bat zetorrena”. Lapiko bat agertu beharko da nahitaez filmetan, eta iraupena gutxienez 8 minutukoa izan beharko da.
Emanaldia eta sari banaketa urtarrilaren 4an egingo dute 22:00etan, Gaztetxean. “Animatu parte hartzera eta grabatu film bat lagunekin, kuadrillan, bakarrik…”.