Lortutakoagaz "oso harro", goi-goitik ospatu dute Antsotegi Hotelaren 20. urteurrena
Antsotegi Hotela goraino beteta lagun, familia, langile eta gonbidatuen artean ezin hobeto ospatu dituzte 20 urteak.
Markina-Xemein zeharkatu eta Etxebarrira bidean, mendi eta haran estuen artean erdi ezkutatuta, hantxe dago Antsotegi Hotela. Duela ia 25 urte hasi ziren Kata eta Emilio euren ametsari segika, eta 2003an hotela ireki zutenetik hor jarraitzen dute euren hiru semeek: Gontzalek, Julenek eta Pellok.
Konturatu direnerako 20 urte pasa zaizkie Hernando-Etxebarria familiakoei eta atzo [abenduak 19] ospatu zuten urteurrena. Hotela gainezka, familia, lagun eta langileez gain bertan egon ziren Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea, Leire Saez Bizkaiko Foru Aldundiko turismo zuzendari nagusia eta Sonia Perez turismoa sustatzeko saileko foru diputatua ere.
Hitz goxo eta leunen gidaritzapean, ohore eta esker hitzez bete zuten hotela. Ekitaldiagaz hasteko, Iriondok hartu zuen hitza: “Gogoratzen naiz, duela 20 urte berritzailea zela toki honetan mota honetako hotel bat egitea, eta aldaketa eta berba asko egin behar izan genituen aurrera eramateko”. Apustu hura egin izanagatik “oso harro“, herriari ematen dion balore “handia” azpimarratu zuen Iriondok.
Ostean, Perezek hartu zuen hitza: “Zalantzarik gabe, Antsotegi Hotela erreferentea da eskualdean, eta eskualdea ere erreferentea da Bizkaian”. Leartibai Fundazioak egiten duen lana ere kontuan hartuz, bi proiektuek “eskualdeko turismoa bultzatzeko lan bizia” egin dutela azpimarratu zuen.
Perezek nabarmendu zuenez, Antsotegi Hotela erreferente izateaz gain, BFAko turismo sailak landu nahi dituen elementu guztiak barnebiltzen ditu. Alde batetik, kalitatezko ostatua eta historia eskaintzen ditu, baita kalitatezko bertoko produktuen gastronomia ere. Azkenik, eskualdea ezagutzera ematen eta sustatzen laguntzen duten esperientzia plan guztiak ere balorean jarri zituen: “Turismo aktiboa bultzatzeko egiten duten lanari esker, bisitariak denbora gehiago geratzen dira hemen”.
Gailurrera bidean. Ostean, eguneko protagonistetako batek hartu zuen hitza: Hernando-Etxebarria familiako hiru anaietako batek, Gontzalek, hain zuzen ere. Orain arteko ibilbidea mendi batera igotzeagaz alderatu zuen: “1999an hasi ziren gure gurasoak obragaz, eta 2003an amaitu zuten. Ordutik ikasi duguna sinestezina da, eta bidea erraza izan ez den arren, lasai gaude orain”.
2013an zendu zen euren aita, Emilio, eta haren hitzak ere gogoan hartu zituen: “Badakigu mendiaren tontorrera ez garela iritsi, eta oraindik behera jaistea falta zaigula. Aitak zioen mendizale ona gailurrera iritsi ostean etxera itzultzen dena dela”. Zendu ostean proiektua bertan behera uzteko “pauso batera” egon ziren arren, ingurukoen babes eta laguntzagaz aurrera egitea lortu zuten: “Zalantzarik gabe mendia igotzen jarraitzeko indarra eman ziguten, eta norantz joan behar ginen jakin genuen. Mendia igotzen jarraitu genuen, gure amaren gidaritzapean”.
20 urteko ibilbidean une onak, txarrak, errazak eta gaitzak, denetarik bizi dituzte Hernando-Etxebarria familiakoek, baina, zapore ezin hobeagaz amaitu dute 2023. urtea Antsotegi Hotelekoek: “Orain da mendiaren tontorrera igotzeko indar gehien sentitzen dugun momentua. Gainera, urte hasieran Rusticae saria irabazi genuen, eta horrek ohorez betetzen gaitu. Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honekin lagundu diguten guztiei”.