Santomasak ospatzeko prest daude Lekeitio, Ziortza-Bolibar eta Ondarroa
Bihar [abenduak 21] Santo Tomas azoka egongo da Lekeition. Ziortza-Bolibarren, berriz, talo jana egingo dute. Ondarroan zapatuan ospatuko dituzte santomasak.
Abenduaren 21a egun berezia da Euskal Herriko txoko askotan, eta halaxe da Lekeition ere. “Urtero milaka pertsona erakartzen ditu” Lekeitioko azokak. Bihar, 10:00etatik 14:30era Independentziaren enparantza baserritar jantziz, musikaz, gastronomiaz eta bertako produktuez beteko da. Azoka gutxi ez, eta 13:30ean ortuari postu politenaren sariaren irabazlea ezagutzera emango da, 200 euroko saria eta garaikurra lortuz.
Guztira 32 postu egongo dira aurtengo azokan eta horietatik 25 ekoizleak izango dira: ortuaria eta frutak, esnekiak, kontserbak, pasta, ogia eta gozoak, txerrikiak, ahatekiak eta artisau garagardoa egongo dira salgai. Artisauek ere edukiko dute euren tokia. Zazpi postutan banatuta, besteak beste, saskiak, bitxiak, motxilak eta osagarriak egongo dira salgai.
Produktuak “freskoak eta sortu berriak” izango direla adierazi dute udaleko ordezkariek: “Kasu askotan artisautzako prozesuen bidez ekoizten direnak, eta saltzailea zuzenean ekoizten duen pertsona bera izango da”. Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizleen lana “sustatu eta haien produktuen kontsumoa” bultzatzeko asmoz antolatu dute aurtengoan ere azoka.
Produktu azokaz gain, eskualdeko abereen erakusketa ere egongo da: idiak, behiak, zaldiak astoak, ardiak, ahuntzak… Denetariko animaliez gozatzeko aukera edukiko dute ume eta ez hain umeek. Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, aurtengoan ez da hegaztirik egongo, “mundu mailan hauei lotutako gripearen ondorioz”.
Txosnak eta talogileak ere ez dira faltako: ikastetxe, elkarte eta eragileen txosnak egongo dira azokan sakabanatuta. “Zalantzarik gabe, eskualde osoan egiten den azoka garrantzitsuenetako bat bilakatu da Lekeitioko Santo Tomas azoka.
Talo artean. Ziortza-Bolibarren pasaden asteburuan egin zituzten ospakizun garrantzitsuenak, baina, bihar [abenduak 21] emango diete amaiera San Tomas jaiei. Ohiturari jarraituz, talo jana egingo dute, 18:00etan: “Animatu eta etorri baserritar jantzita!”. Ondarroan ere ez dira atzean geratu, eta Egunsentia Kooperatibak Santo Tomas azoka antolatu du. Zapatuan, 10:00etatik aurrera, Alde Zaharrean egongo da azokagaz gozatzeko aukera.