Elosuko basoan hemezortzi zuhaitz espezie autoktono landatu eta bederatzi kabi ere jarri dituzte txorientzat eta saguzarrentzat.
Ziortza-Bolibarko Udalak baso autoktonoak berreskuratzeko konpromisoari heldu dio, Lurgaia Fundazioagaz elkarlanean. Azaldu dutenez, trantsizio ekosozialaren estrategiaren baitan basoen berreskurapenak eta lehengoratzeak garrantzia handia du, eta bide horretan lanean jarraitzera bultzatu dituzte herriko basoen jabeak ere.
2022an hasi zuten ibilbidea, Elosuko basoko 3,5 hektareako partzela batzuk erosita: “Zeinkera igotzeko bidearen ondoan dagoena da baso hau”. Lurgaia Fundazioak Elosuko basoa lehengoratzeko idatzi zuen proiektuari jarraituz, Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zuten proiektua aurrera eramateko diru laguntzak eskatuz. Hala, Eusko Jaurlaritzaren eta Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren laguntzak jaso dituzte eta proiektua aurrera eraman ahal izan dute: lurrak erosi eta hemezortzi espezie autoktonoren landaketa egiteaz gain, bederatzi kabi ere ipini dituzte txorientzat eta saguzarrentzat.
Hasieran herritarrekin auzolanean, ostean Lurgaia Fundazioko kideen laguntzagaz landatu dituzte, besteak beste, urkia, astigar arrunta, haltza, gaztainondoa, urritza, gorostia, artea, gereziondoa, lizar arrunta eta ezki hostozabala. Atzo eman zuten berreskurapenagaz jarraitzeko hurrengo pausoa, eta egindako lanen berri ematen duen panela jarri zuten. Bertan landatu dituzten espezie guztiak irakur daitezke, eta baita honelako basoek biodibertsitateari egiten dieten ekarpena ere.
Horrez gain, aurten ere beste baso lur batzuk eskuratu du udalak, eta bide beretik, Lurgaiarekin berreskuratzeko plana egin du: “Lurgaia Fundazioarekin abiatu duen lankidetzak asko lagundu du honetan. Fundazio honen jakintza baliatuta aurrera egiten ari gara”.