Jose Pablo Arriagak ‘Ama’ erakusketa inauguratuko du Markina-Xemeinen
Abenduaren 29an 19:00etan egingo du inaugurazioa markina-xemeindarrak bere estudioan, eta urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Jose Pablo Arriagak Ama erakusketa aurkeztuko du Markina-Xemeingo bere estudioan. Abenduaren 29an 19:00etan inauguratuko du, eta urtarrilaren 7ra arte bisitatu ahalko da. Eskultoreak amatasunari egindako “omenaldi eskultorikoa” da, Mutrikuko Etxerre baserrian “berotegien eta naturaren artean” jaio zen bere amaren bizitzan oinarritutakoa. Hamar eskulturako erakusketa da: “Haurdunaldiaren besarkada beroenetik gure ama nagusiak zaintzeko unera arteko istorioa”, azaldu du Arrietak.
Eskultoreak ama izatearen alderdi desberdinak aztertu ditu bere lanetan: “Gatazkei aurre egitetik hasi eta, ama biologikoak izan ez arren, rola benetako maitasunez hartzen dutenera arte”. Baserrietako berotegiek liluratzen dute Arriaga, batez ere burdinazko arkuak eta plastiko estuak dituztenak. Hain zuzen ere, horiek erabili ditu, eta itsasontzi sinboliko bihurtu, “familia ur azalean mantentzen duten oskolak bezala, bizitzan nabigatuz, sendotasuna eta familiaren zaintzaren iraunkortasuna nabarmenduz, bizitzako haizeak zurrunbilotsuak bihurtzen badira ere”.