Musika Haizeak zikloak urtebeteko etenaldiaren ostean itzuliko da
Aurtengo kontzertuak ahotsean oinarriturik egongo da. Hiru kontzertu eskainiko dituzte: abenduaren 27an, 29an eta 30ean.
Markina-Xemeingo Musika Haizeak zikloa 2019an sortu zen Mikel Ansola eta Maddi Txurruka musikarien eskutik. Horretarako, herriko udalaren eta Uhagon kulturgunearen laguntzagaz eramaten dute aurrera. “Helburua beti izan herriari goi mailako musikaz gozatzeko aukera eman nahi zieten kontzertu ezberdinak antolatuz”, azaldu dute.
Hasi zenetik hiru urte jarraian antolatu zuten, eta iaz etenaldi bat egin ostean, aurten indarberrituta itzuliko da jaialdia. Hain zuzen ere, urte bakoitzean dinamika bat jarraitu dute, bakarkakoak, kamarako musika eta antzinako musika zein garaikidea. Aurtengoa ahotsean oinarrituko dute.
Abenduaren 27an 19:30ean Xemeingo elizan Vocalia taldeak emango dio hasiera jaialdiari Oscar Rodrigezen lagunzagaz. 2000. urtean sortu zen emakume abesbatza, egungo zuzendari Basilio Astulezen ekimenez. Euskal Herriko zenbait emakume musikari profesionalen erronka eta kezkei bidea ematen die. Abenduaren 29an ordu eta leku berean, Akelarre abesbatzaren txanda izango da eta Mikel Ansolagaz batera igoko dira oholtzara. Gazteen artean musika korala sustatzeko helburuarekin sortu zen 2018an. Horregatik, artista gazteekin lankidetzan aritu izan da beti bere proiektuetan. Xabier Zeberio eta Iñar Sastreren Pause poriektu berriak emango dio amaiera Musika Haizeak zikloari. Zeberioren bakarkako lehen proiektua da eta “unibertso berri bat” aurkezten duela esan dute, “ñabardura eta melodia sakonez osatutako eremuetan arakatuz”.