Tokiko komertzioa eta ostalaritza bultzatzeko helburuagaz dator 'Dendaostetik plazara' liburua
Kontakizunetan jorratutako gaien artean ekonomia zirkularra, digitalizazioa, elkartasuna eta lan baldintzak aurkitu daitezke. Liburuaren 1.000 ale kaleratu dituzte eta dohainik banatuko dira.
Tokiko komertzioa eta ostalaritza bultzatzeko helburuarekin zortzi kontakizunez osatutako Dendaostetik Plazara liburua kaleratu dute Javier Arrieta Idiakez, Kaiet Bengoetxea Urkiza, Antxon Uskola Urruzuno eta Pilar Arrieta Idiakez ondarrutarrek.
Proiektua abiatzeko ideia Ondarroa eta Lekeitioko dra! dendetako Esteban Markuerkiaga Santiso ondarrutarrarena izan zen, eta egileekin bildu eta baiezkoa jaso ostean, proiektuan sartu ziren buru belarri. Ideia martxan izanik, proiektua Bizkaidendak, Bizkaiko dendari, ostalari eta zerbitzu-enpresetako Federazioak ahalbidetu du, Zatozte Ondarroako dendarien eta ostalarien Elkartearen proposamena onartu ostean. Proiektuaren finantziazioa, berriz, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eskutik etorri da.
“Euskal Herriko historiari, kulturari, arteari, kirolari eta mitologiari ere begiratu diogu”.
Herriko lau sortzaileren lana batu dituen liburuak zortzi kontakizun barnebiltzen ditu eta horietatik zazpi Javier Arrietak idatzi ditu, bere arreba Pilar Arrietak, ostera, zortzigarrena. Kontakizunetan jorratutako gaien artean ekonomia zirkularra, digitalizazioa, elkartasuna, lan baldintzak, ekintzailetza, etorkinen ekarpena, bertatik bertarako ekonomia eta zeliakoen egoera aurkitu daitezke. “Halaber, han-hemenka, tarteka, Euskal Herriko historiari, kulturari, arteari, kirolari eta mitologiari ere begiratu diogu. Halatan, kontakizunetan, modu batera edo bestera, posible da Txomin Agirre, Unamuno, Pio Baroja, Oteiza eta beste hainbat euskal musikari aurkitzea. Baita Anbotoko Mari bera ere. Ildo beretik, sarritan iraganak eta orainak bat egiten dute, etorkizunera begiratzeko beti. Horrela agertzen dira balearen arrantza, artzain euskaldunak, baserriko bizimodua, neska futbolariak, zesta-puntaren historiari lotutako kontuak, euskal komunitarismoa…”.
Kontakizunak anai-arrebek idatzi dituzte, baina sentimenduz, kolorez eta errealitatez jantzitako lanaren bigarren zatiaren ardura Kaiet Bengoetxea eta Antxon Uskolarena izan da, zehazki, irudikatzearena. Bengoetxeak lau kontakizunen marrazkiak egin ditu, zehazki, 1, 3, 5 eta 7. kontakizunenak. Uskolak, ostera, gainontzeko lau kontakizunak irudikatu ditu, hau da, 2, 4, 6 eta 8. kontakizunak. “Azala, ostera, bi marrazkilariek sortu dute”.
“Irakurleari dagokio orain kontakizun horiez gozatzea, gogoeta egitea eta ondorioak ateratzea”.
Liburua quebektar ereduari jarraituz egin dute, hau da, alde batetik, euskaraz, eta, bestetik, gaztelaniaz. “Lehenengo aldiz kaleratu dugu liburu bat bi hizkuntzatan, proiektua bideratzeaz arduratu den erakundearen betebeharretako bat baitzen. Horren aurrean, guk ohiko formulari buelta eman genion, euskaraz idatzi eta ondoren gaztelaniara itzuli dugu”.
Liburuaren 1.000 ale kaleratuko dituzte eta Ondarroako Zatozte, Markina-Xemeingo Hemen be Bai eta Lekeitiko Kitto elkarteak arduratuko dira aleak dohainik banatzeaz, interesa izan dezaketen pertsonen eta erakundeen artean. “Irakurleari dagokio orain kontakizun horiez gozatzea, gogoeta egitea eta ondorioak ateratzea, bakardadean, lagun artean, familian, eskolan… Azken finean, kontakizunok dendaostetik plazara datozkigu”.