Eikak 50 urte, 50 urte erreferente izaten
Gaur [abenduak 22] Kooperatibak 50. urteurreneko ekitaldia egin du Markina-Xemeingo kiroldegian. Iñigo Arrieta lehendakaria “oso pozik eta hunkituta” agertu da. “Egun handia da guretzako gaurkoa, gure ondokoekin, Eikako familia osatzen dutenekin batera. Ospatzeko eguna da gaurkoa”.
Gaur [abenduak 22] justu duela 50 urte sortu zen Eika. Eta gaur [abenduak 22] 50. urteurreneko ekitaldi nagusia ospatu dute Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian. Eskualdean, eta bereziki emakumeentzat lana sortzeko jaio zen 1973an, Lea-Artibai eskualdea ekonomikoki ahul zegoen garaian; batetik, arrantzan eta nekazaritzan baino ez zegoelako oinarrituta eta, bestetik, herritarrak alde egiten hasi zirelako inguru horretatik.
Horregatik, Eika erreferente da, 50 urte daramatza konpromisoak erradiatzen, aurtengo leloak ondo baino hobeto azaltzen duen bezala. Baloreak, elkarlana, etorkizuna, jarraipena, elkartasuna edota lana izan dira ekitaldian parte hartu dutenen ahoetatik entzundakoak, Kooperatibismoa, hain zuzen ere.
Anitza ere izan da ekitaldia, adin, sexu, funtzio edota garai desberdinetako langileek parte hartu dute. Gainera, gogoratu dute Etxebarriko egoitzaren 50. urteurrena dela eta Mexikon dutenaren 20. urteurrena ere ospatu dutela aurten. Jesus Iriondo herriko alkateak Eikak herrian ematen duen “aberastasuna eta zerbitzua” nabarmendu ditu, batez ere gazteek herrian bertan lan egiteko ematen duen aukeragatik.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Iriondo eta Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea bertan izan dira, baita Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko Foru Diputatua ere. Ondarrutarra jakitun da enpresak Lea-Artibain duen garrantziaz. “Aldunditik enpresa erreferente eta lehiakor bat ikusten dugu, bost hamarkada hainbeste bizitza dira, eta uneoro denari aurre egiten teknologian eta digitalizazioan etengabe hobetzen”. Horrez gain, Basurkok nabarmendu du Eika enpresa traktore bat dela eskualdean, gainontzeko enpresei ematen dien lanagatik. “Eredu bat da, izateko modu bat da Eika, ez bakarrik eskualdean, munduan ere bai, eta horregatik aldunditik bidelagun izaten jarraituko dugu publiko eta pribatuaren arteko erlazioak balio handiak ekartzen dituelako”.
Denek batera. Iñigo Arrieta egungo lehendakaria 50 urte luzetan kooperatibako zuzendari izan direnekin igo da oholtzara. Ezin izan dute argazki hoberik utzi. “Garaian garaian egitea tokatu dena egin behar izan dugu bakoitzak, eta horrela heldu gara 50 urtera”, azaldu du. Helburu bera izan dute denek, “ingururako produktu jasangarriak eta aberastasuna sortzea gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzako”.
Arrieta “oso pozik eta hunkituta” egon da ekitaldian. “Egun handia da guretzako gaurkoa, aurrera zein atzera begira jarri gara, gure ondokoekin, Eikako familia osatzen dutenekin batera. Ospatzeko eguna da gaurkoa”. Kooperatiba gaur egun errekuperazio fasean dagoela esan du: “Azken urteetan sufritzen egon gara merkatuaren eraginagatik, baina baikorrak gara etorkizunera begira. Plan estrategikoak zehazten du erreferenteak izatea 10 edo 20 urte barru, baina ez bakarrik merkatuan, batez ere eragiten dugun gure inguruan, eskualdean eta munduan, leku guztietan”.
Aurrera begira ere jarri dira, beste 50 urteren bila doa Eika. “Asmoa hori da, legatu bat uztea, Eika bat jaso genuen eta helburua da Eika hobe bat uztea hurrengo belaunaldikoei, horretan lanean egongo gara gure indar guztiekin”.