Urteko egunik laburrenei, egitarau oparoak
Gabon aldiaren atarian daude Lea-Artibai eta Mutriku. Zenbait herritan lehen ekimenak egin dituzten arren, denetarikoez osatutako jai egitarauak herritarren esperoan dira.
Urtea bereak emateko puntuan dago jadanik. 2024a ate joka dagoen honetan, iritsi da hainbeste eta hainbeste herritarrek gogotsu itxaroten duten Gabon sasoia. Lea-Artibaiko eta Mutrikuko eragileek mimo handiz prestatu dituzte denetariko ekimenez jositako Gabonetako egitarauak. Batetik, urteroko egitasmoak egingo dituzte; esate baterako, domekan han eta hemen ikusmira handiz itxarongo diete Olentzeroren eta Mari Domingiren harrerei nahiz kalejirei. Bestetik, proposamen berriak ere aukeran egongo dira eskualdeko udalerrietan.
Ohiturazko Gabon abestiek plaza ugari hartuko dituzte gainontzeko herrietan. Hainbat tokitako herritarrak beraien ahotsak berotzen ari dira: Aulestin, Munitibarren, Berriatuan, Ispasterren, Lekeition, Mutrikun, Ondarroan, Ziortza-Bolibarren, Markina-Xemeinen edota Mendexan.
Lekeitioko Zinemazaleen Elkarteak etxeko txikienak Ikusgarrin elkartuko ditu abenduaren 27an, 17:30ean, Ene Kantak Dantzan ikuskizunagaz goza dezaten
Lekeition, kalean ez ezik, barrualdeetan ere egongo da zer egin eta zertaz gozatu. Sua piztu, eta pirotekniaren inguruko jakintza ikastaro batean emango dute Lekittoko Deabruek; hurrengo martitzenean [abenduak 26] izango da tailerra, 17:00etan, eskolako jolastokian. Hurrengo egunean [abenduak 27], Lekeitioko Zinemazaleen Elkarteak etxeko txikienak Ikusgarrin elkartuko ditu, 17:30ean, Ene Kantak Dantzan ikuskizunagaz goza dezaten.
Zirkuari buruzkoetan trebatu gura dutenentzako plaza ere egongo da Lekeition: zirku tailerra egingo dute, puzgarriekin batera, urtarrilaren 3an, 17:30ean hasirik, udal kiroldegian.
Munitibartarrek Neguko Agendako denetariko egitasmoez gozatu ahalko dute, herriko eragileek elkarlanean antolatuta. Besteak beste, esku pilota partiduak egongo dira Lea Ibarra pilota elkartearen eskutik, eta plazako karpan liburu azoka egingo dute hainbat egunetan.
Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak ‘Munitibar 1937/04/26: aire eraso baten kronika’ liburua aurkeztuko du Markina-Xemeinen
Hain zuzen ere, herri horretan oinarritutako liburu bat, Munitibar 1937/04/26 aire eraso baten kronika izenekoa, aurkeztuko du Ahaztuen Oroimena 1936 taldeak Markina-Xemeinen. Hilaren 26an, 18:00etan, udaletxeko osoko bilkura aretora bertaratzen direnek Munitibarrek 36ko gerran pairatutako bonbardaketaren ingurukoen berri izan ahalko dute.
Urtarrilaren 3an, ostera, musika eta literaturaren arteko ezkontza egingo dute: Etxe bat. Peru Galbeteren musika soinekoz jantziko dira Yolanda Arrietaren testuak. Amorotarrek, ume zein heldu, soinuak, irudiak, koloreak eta sentsazioak jorratuko dituzte, hilaren 28an egingo duten tailerretan. Mendexarrek, ostera, beren iraganari atzera begirada egingo diote: urtero legez, herriko argazki zaharren erakusketa egingo dute, udaletxeko ganbaran. Abenduaren 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean hurreratu ahalko dira herritarrak.
Hainbat udalerritan, mendia ospakizun gune bihurtuko dute
Tontorretara begiratuz. Zabal hedatutako ohitura da urteari gailurretatik agur esatea eta mendia ospakizun gune bihurtzea. Aurtengoa ere ez da gutxiagorako izango, hainbat eta hainbat udalerritan egingo baitituzte mendi martxak eta talde irteerak.
Munitibartarrek Oiz mendira ibilbide luzea eta laburra egingo dituzte, eta San Kristobal baselizan, jarraian, kopaua eta brindisa
Aulestiko eta Gizaburuagako mendizaleek Ilunzar edukiko dute jomuga; markina-xemeindarrek jaiak Akarregi eta Urregarai mendietan ospatuko dituzte, azken horretan txokolate jana eta guzti eginez. Berriatuarrek irtenaldi bikoitza edukiko dute: batetik, Kalamendira igoko dira, abenduaren 31n; urtarrilaren 7an, berriz, Berriatuko XIII. Mendi Martxa egingo dute. Munitibarren, urtero legez, Oiz mendirako bidea egingo dute, bertako San Kristobal elizan topa egin eta kopauan elkartzeko. Ibilbide luzea 09:00etan abiatuko dute herriko plazatik; aukera laburra egin gura dutenek, aldiz, Maskatik ekingo diote ibilaldiari, 11:00etan.
Hamaikatxo izango dira azken arnasak egiten ari den 2023a agurtzeko aukeran egongo diren moduak; hamaikatxo, era berean, erditzear dagoen 2024ari hanka onez heltzekoak. Herritarrek badute zer aukeratu eta nora joan.