Arai Lejardik jantzi du Emakumezkoen Berriatuko Banakako Txapelketako lehen txapela
Aritz Erkiagak hirugarren aldiz jarraian irabazi zuen barikuan [urtarrilak 5] banakako txapelketa, laugarrena guztira.
Nesken zesta-punta aurrerapausoak ematen doa pixkanaka. Dagoeneko badu Banakako Txapelketako lehen txapelduna: Arai Lejardi. Markina-Xemeindarrak bi setetan gainditu zuen Maite Ortiz de Mendibil barikuan [urtarrilak 5] Berriatuko Mendibarren frontoian.
Lehendabiziko seta izan zen berdinduena, bakoitzak bere jokoa inposatzen saiatu zen, deseroso aritu ziren haien jokamoldea egiten ez zutenean, gasteiztarra aurrelaria da eta Lejardi atzelaria. Baina hobeto egokitu zen Lejardi, batez ere errebesez pilota atzeratuz, eta lehen seta 12-8 irabazi zuen. Seta irabaztearen konfiantzagaz, markina-xemeindarra erosoago aritu zen bigarrenean, gainera 4-0 hasi zen irabazten eta bideratuta utzi zuen seta. Azkenean 12-5 gailendu zen.
Erkiaga ere bi setetan gailendu zitzaion Erik Mendizabal mutrikuarrari. Hala ere, partida gogorra izan zen, fisikoki batez ere. Ispastertarrak bere maisutasuna erakutsi zuen pilotalekua bete zuten ikusleen aurrean. 16 tanto egin zituen eta bakarrik bi huts egin. Bi puntistek tantoak landu nahi izan zituzten hasieratik, baina Erkiagak hobeto amaitu zituen. 12-5 gailendu zen lehen setean eta 12-6 bigarrenean. Hirugarren urtez jarraian jantzi zuen txapela aurrelariak Berriatuan.