Lekeitioko Udalak Maderas de Lekeitioko lurren erosketa sinatu du
Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak eta Juan Pedro Badiola CaixaBankeko Ipar Lurralde Zuzendariak sinatu dute erosketa. Udala "pozik" agertu da erosketaren aurrean.
“Lekeitiok beste lur bat lortu du, beste arnasgune bat, eraikinetatik aske”, adierazi du Ander Aldazabal Lekeitioko Alkateak. Hainbat hilabetetako negoziazioen ostean, Lekeitioko Udalak eta CaixaBankek Lekeitioko Maderasen lurren salmenta sinatu dute. Azpimarratu dutenez, bai udalaren eta baita CaixaBanken nahia ere Maderasen lurrak Lekeitioren esku geratzea izan da “une oro”.
Adierazi dutenez, “negoziazioaren erdigunean” Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren ingurumen betekizunak egon dira: “Eusko Jaurlaritzak maiatzean txosten bat egin zuten, eta bertan esaten zuen Maderas de Lekeitioko lurretan zein lan egin behar ziren ingurumenari lotuta”. Lanak egiteak kostu ekonomikoa du, eta bi aldeen artean adostu dute betekizun horiekin nola arduratu.
Udala pozik agertu da erosketaren aurrean, “elkarlanera eta adostasunera” heltzeagatik. Bestalde, Juan Pedro Badiola CaixaBankeko Ipar Lurralde Zuzendaria ere pozik azaldu da “bi aldeek gure lurraldearen ingurumenean eragin positiboa izango duen proiektu bat aurrera eramateko” egindako ahaleginagatik.
Erronkei begira. Udalak adierazi duenez lur horietan egin beharreko proiektuek “lasaitasuna eta inertzietan ez erortzea” eskatzen du. Kutsatuta dauden lursailak direnez, “kutsadura hori zenbaterainokoa den” aztertu ostean, “prozesu parte hartzaile” bati ekingo diete, herritarrekin batera, lurzoruagaz zer egin erabakitzeko. Epe zehatzik jarri ez duten arren, aurten egitea espero dute. Horretarako, kontuan eduki beharko dituzte eremu hori arautzen duten legeek diotena, “batez ere, Lekeitioko eta Ispasterko planeamenduei lotutakoak, eta Kostako Legeari edo Ingurumerai lotutakoak”.